Arrasateko Udalak bi deialdi desberdin egin ditu langabezian dauden arrasatearrentzat. Deialdi hauetan azaltzen diren hautaketa prozesuetan parte hartzeko baldintza orokorrak Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile bezala izena emanda dagoen pertsona langabea izatea, deialdia egin eta sei hilabete lehenagoz Arrasaten erroldaturik egotea eta Euskarazko 3. Hizkuntza Eskakizuna edo baliokidea egiaztatzea dira. Honetaz gain, deialdi bakoitzak bere baldintza bereziak ere ditu eskatzen den lan motaren araberakoak.
Lehenengoa, Kirol Sailerako Leialtze Teknikari baten hautaketa prozesuari dagokiona da eta publizitate, komunikazio, informazio zientziak, kazetaritza, marketin edo antzeko ikasketak dituzten pertsonei zuzenduta dago eta izen emateko epea maiatzaren 16an amaituko da. Bigarrena aldiz, administrarien lan-poltsa osatzeko hautaketa prozesuari dagokio eta Batxilergoko-Titulua, Lanbide Heziketako Goi-Teknikari titulua edo baliokidea duen pertsona orori zuzenduta dago. Lan-poltsa honen hautaketa prozesuan parte hartzeko izena emateko epea maiatzaren 15ean bukatuko da.
Deialdi hauei buruz informazio gehiago jakin nahi izanez gero Arrasateko Udaleko webguneko lan eskaintzen atalera edo BAZ Biztanleentzako Arreta Zerbitzura jo beharko da.