Izaskun Jauregi (Galtzagorri elkartea): "Irakurzaletasuna bultzatzeko 'booktuber'-ak sortu gura ditugu"

Urriaren 24ra bitartean dago aukera Galtzagorri elkarteak eta EAEko liburutegiek bultzatutako sariketan parte hartzeko.  Gaur, egubakoitza, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan, 17:00etan, egitasmoaren gaineko azalpenak emango dituzte.

Norentzako eta zelakoa da Booktuberboom lehiaketa?

14-18 urte bitartekoendako dago pentsatuta. Eskatzen duguna da gustuko liburu bat hartu eta irakurri ondoren Youtubera   iruzkin bat igotzea, beste gazte batzuei liburu hori irakurtzeko gomendioa eginez horrela.

Hala ere, abian jarri duzuen egitasmoa zabalagoa da.

Hala da, bai; lehiaketa parte bat da, euskarazko booktuber-ak sortzea nahi dugulako, baina bestalde, gure asmoa plataforma bat sortzea da. Dagoeneko sortuta dugu Booktuberboom.wordpress.com bloga; bertan dituzue lehiaketan parte hartzeko egin beharrekoak eta egitasmoaren gaineko bestelako informazioa.

Euskal booktuber fenomenoa indartu egin gura duzue. Zeintzuk dira?

Liburuen inguruko bideo laburrak Youtubeko kanal batera igotzen dutenak dira. Mundu mailan nahiko hedatu da fenomeno hori azkeneko urteetan; bereziki, Hego Amerikan oihartzun handia du. Hemen ez dago,  bila ibili gara Eusko Jaurlaritzako liburutegi zerbitzuekin abiarazi dugun egitasmoa dela eta. Euskal booktuber-ak sortzea da, beraz, erronka, iruditzen zaigulako irakurzaletasuna bultzatzeko baliagarria dela.

Informazio zabalagoa eskuratzeko aukera izango da gaur Kulturaten.   

Sei kedada proposatu ditugu, eta gaur da lehenengoa. Gure asmoa saio erabat praktikoa egitea da: booktube-a zer den erakutsi, hori egiteko aholku batzuk eman... Mattin Zeberio Tolosako youtuber gaztea eramango dugu. Aurrez aipatutako blogean duzue hark egindako iruzkin bat. Beste hainbat adibide jarriko ditugu; ea, bada, gazte gehiago animatzen ditugun. Saioa guztiontzako irekia da, nahiz eta gure helburua, bereziki, gazteengana heltzea den.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.