Asteburua musikaz blai Musikaldiari esker

Ane Vitoria 2017ko mai. 5a, 12:01

Arrasate Musikaleko Orkestrak et Goikobalu Abesbatzak kontzertua eskainiko dute, asteburuan, Musikaldia Jaialdiaren barne. Horrez gainera, Musikaldiaren barruko beste bi ekitaldi ere izango dira: Iberian Quartet eta Musica Boscareccia.

Elkarrekin bi entsegu egin ondoren, dena prest dute Arrasate Musikaleko Orkestrak eta Goikobalu Abesbatzak bihar arratsaldean eskainiko duen kontzerturako.  "Egutegian azpimarratuta dagoen data da hau. Urte dezente gabiltza elkarrekin, eta espero dugu hola jarraitzea urte askotan", dio Goikobaluko zuzendari Iñaki Maidaganek. Kontzertuaren nondik norakoak zehazteko urtarrilean elkartu zirela aitortu du Iker Olazabalek, orkestra sinfonikoaren zuzendariak: "Dena prestatzea erronka handia da; izan ere, ehun bat lagun izango gara oholtza gainean. Gainera, aurten berezia izango da, Amaia Antzokian jotzea lortu dugulako".

Kontzertuak bi zati izango ditu: lehenengoa, Arrasate Musikaleko Orkestraren eskutik joango da eta Itoiz taldearen kantu batzuekin osatutako errepertorioa eskainiko du: "Bilboko Orkestrak moldaketa egin zuen eta asko gustatu zitzaidan. Juan Karlos Perezekin harremanetan jarri nintzen eta materiala utzi zigun", dio Olazabalek. Bigarren zatian, aldiz, Goikobalu Abesbatza gehituko da kontzertura, eta, horretan,  bi pieza izango direla entzungai nabarmendu du Maidaganek: "Euskal musika defenditzea tokatu zaigu eta Juanito Arzamendi ilustrearen Oihuska joko dugu. Baita, Jesus Guridiren Eusko Irudiak ere".  Kontzertua bihar arratsaldeko zortzietan eskainiko dute Amaia Udal Antzokian eta sarrerak 5 euro balioko du. Hain zuzen ere, arrasate.eus atarian eta Amaia antzokiko leihatilan eskuratu daitezke.

Bi ekitaldi gehiago

Musikaldia Jaialdiaren baitan beste bi ikuskizun eskainiko dira Arrasaten: batetik, saxofoi laukotea osatzen duten Iberian Quartet taldearen emanaldia; gaur arratsaldean izango da, Kulturateko Areto nagusian, 20:00etan. Eta, bestetik, Musica Boscarecciaren ikuskizuna. Instrumentazio aldakorreko taldea da hori, eta, batez ere, XVII. eta XVIII. mendeetako ganberako ahots errepertorioa interpretatzen du. Musica Boscareccia domekan izango da, San Juan Batailatzailearen parrokian, 20:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak