Enpresa-batzordea desegiteko lege prozedura aktibatuko dute Iturbide egoitzako langileek

Langileen gehiengoak onartutakoak kontuan izan gabe, beste interes batzuei erreparatzea aurpegiratzen diete, adibide gisa lan egutegiaren auzia jarrita. Horretaz gain, ezkutuan batzarrak grabatzea eta sare sozialetan irainak erabili izana ere salatu dute komunikabideetara bidalitako oharrean. 

Enpresa batzordearekin egindako azken batzarretan, langileen eta euren arteko zatiketa "oso agerikoa eta erabatekoa" da. Euren ustez, gehiengoaren interesak defendatu beharrean, euren interesen arabera jokatu dute.

Adibide gisa urtarrilaren 30ean egindako batzar orokorra aipatzen dute. Bertako aktan jasotzen denez, langileen gehiengoak onartu zuen proposatzen zitzaien lan egutegia onartzea, eta bide batez eskatu zuten lan egutegia aldatzeko egindako ekintzak etetea. Baina hori onartu beharrean, kontzentrazioak egiten, pankartak jartzen eta prentsa oharrak bidaltzen jarraitu dutela adierazi dute.

Horrez gain, langileen gehiengoak lan-jarduna handitzeko eskaria babestu arren, enpresa batzordeak ez zuela onartu adierazi dute. Aurkako norabidean egindako mugimenduak ere salatu dituzte. Prentsa oharrean adierazten denez, langileei galdetu gabe Aita Menni-ko zuzendaritzari honako eskariak helarazi dizkietela jakinarazi dute, eta adibide gisa jarri dute lanpostuen errotazioa lortzeko egindako eskaria.

CC.OO. komisioak praktika horiek onartzea eta babestea ere kritikatu dute, eta aurretik aipatutako arrazoiengatik, hauteskunde sindikal berriak egitea eskatzen dute.

Arrasateko Udalaren oharra

Atzo goizean enpresa-batzordeak agerraldia egin zuen udaletxe aurrean, Irabazi eta Ahal Dugu alderdiek babestuta. Protesta horretan eta baita herrian banatutako esku orrietan bi udal langileren izenak erabili eta hauen kontra egindako lintxamendua salatu dute Udal Gobernutik.

"Arrasateko Udaleko Gobernu Batzordearen izenean, gure eginkizun eta betebeharra da edonolako errespetu falta edota irain pertsonalak salatu eta gaitzestea, eta gaitzespena areagotzen dugu aipatutako ekintzak Arrasateko udal langile baten aurkakoak izanik. Publikoki gure babesa eta laguntza adierazten diogu egoera hori jasan behar izan duen udal langileari".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.