Zea Mays azken Kooltur Ostegunetako kontzertuan

Zea Mays taldeak emango die amaiera Arrasateko gaztetxean egiten diren Kooltur Ostegunei. Bilbotar talde hori ikasturteko azken kontzertuan izango da, maiatzaren 4an, hain zuzen, eta jende ugari gerturatuko dela aurreikusi da

Maiatzean amaituko da Arrasatek0 gaztetxean antolatzen den Kooltur Ostegunen azken edizioa. Izan ere, azken kontzertua Zea Mays taldeak eskainiko du hilaren 7an. Laukotearen azken diskoa, Harro izenekoa, 2016ko azaroan plazaratu zuten eta bertako kantek protagonismoa izango dute Kooltur Ostegunetako azken kontzertuan. Hala ere, hogei urteko ibilbideko kantu esanguratsuenak ere joko dituzte.

Jada birritan izan da taldea Arrasateko gaztetxean antolatzen den egitasmo horretan, eta, errepikatu nahian, laster gerturatuko dira Arrasatera: "Duela 2 edo 3 urte izan ziren Zea Mays taldekoak, eta, asko gustatzen zaien egitasmoa denez, gogotsu bueltatuko dira. Oso polita izango da haiekin aurtengo edizioa amaitzea", aitortu du Kooltur Ostegunen antolatzaile Iker Barandaiaranek.

Balorazio oso positiboa

Jada zazpi urte pasa dira Kooltur Ostegunak antolatzen hasi zirenetik eta urte hauetako balorazioa oso positiboa dela adierazi du Barandiaranek: " Lehenengo bi urteak oso arrakastatsuak izan ziren; agian, nobedadea zelako. Egia da hirugarren eta laugarren urteak nahiko ahulak izan zirela. Baina ez soilik Kooltur Ostegunetan, Arrasateko musika inguruan biltzen ziren egitasmo gehienetan beherakada izan zela uste dut". Hala ere, laugarren urtetik hona, Arrasateko ostegun kulturalek geroz eta indar handiagoa dute; izan ere, egitasmo horren helburua jende ugari eta gustu ezberdinak dituzten pertsonak biltzea da. Hau da, musika estilo ezberdinak eskaintzen dituzten taldeak gerturatzea. Modu horretan, espazio bakar batean aukera ezberdinak eskainita.

Aurtengo edizioa ere oso ondo joan dela dio Barandiaranek: "Jende ugari gerturatu da gaztetxera ostegunero kontzertuez disfrutatu guran". Bitxikeria bezala, aurten ez da atzerritar talderik izan. Beste urte batzuetan ez bezala, aurten, batik bat, Euskal Herriko taldeak izan dira. Baita Madril eta Andaluziako musika taldeak ere. " Ez da arrazoi zehatzik izan horretarako, agenda kontua baizik", azaldu du Iker Barandiaranek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.