Urrats handia eman du Kanpanzar Arrasatek Euskal Ligako 2. mailako txapelduna izateko

Txomin Madina Milikua 2017ko api. 23a, 20:04

Zuri-moreek Zaisa Txingudi hartu dute gaur Mojategin.

Arrasatearrek 23-20 irabazi diote Zaisa Txingudi taldeari, eta sailkapenean lider dira.  Datorren astean Uribealderi irabazten badiote, beraien mailako txapeldunak izango dira Igor Isasiren mutilak.

Kanpanzar Arrasatek ez du hutsik egin gaur Mojategin Zaisa Txingudiren aurka jokatu duten partiduan. Zuri-moreek irabaztea eta berriz ere sailkapeneko lehenengo postuan jartzea lortu dute, baina irabazteko izerdi asko bota behar izan dute.

Bi zigor kolperi esker Igor Isasiren mutilak izan dira markagailuan aurretik jartzen lehenak, baina lehen zatia amaitzeko hamar minuturen faltan, entsegu batekin aurretik jartzea lortu dute bidasoatarrek. Arrasatearrak ez dira kokildu, eta lehen zatia 13-10 amaitu da.

BIgarren zatia maldan gora hasi da Kanpanzar Arrasaterentzat, kanpokoek entsegua egin eta markagailua 13-17 jarri dute eta. Zaisa Txingudiren zigor kolpea etorri da gero, eta 20 puntura heldu dira. Baina tentsioari eta urduritasunari aurre eginaz, arrasatearrek markagailuari buelta eman eta 23-20 izan da azken emaitza.

Lidergoa eskuratuta, datorren astean Mungian Uribealderi irabaztea lortzen badu, Euskal Ligako 2. mailako txapelduna izatea lortuko du Kanpanzar Arrasatek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak