Saiatu arren, ezin: Mondragon Unibertsitateak 79-94 galdu du

Txomin Madina Milikua 2017ko api. 22a, 22:54

Burgosko Grupo Santiago Automocion izan dute aurkari arrasatearrek. Bigarren laurdena amaitu denean talde bakoitzak 44 puntu zituen arren, hirugarrenean gauzak okertu zaizkie etxekoei, eta gero ezin izan diote partiduari buelta eman.

Hurrengo denboraldian EBA mailan jarraitu ahal izateko berebiziko garrantzia zuen Mondragon Unibertsitatearentzat gaur Iturripen jokatu duen partidua irabazteak, Aurkariak, baina, Burgosko Grupo Santiago Automocionek aukera gutxi eman ditu, eta  hala, arrasatearrek ezin izan dute garaipena lortu.

Lehenengo bi laurdenetan gauzak nahiko parekatuta egon dira. Lehena Burgosekoek irabazi dute (24-26) eta bigarrena, arrasatearrek (20-18). Hala, hirugarren zatia 44na berdinduta hasi dute. Baina hirugarren laurdena 11-23 irabazita kanpokoek abantaila hartu dute eta laugarrenean gauzak parekatuago egon diren arren (24-27), arrasatearrek ezin izan diote markagailuari buelta eman. 79-94 izan da azken emaitza.

Larreategi jokalariekin pozik

“Taldeak borrokatu du, lehenengo zatian bigarrenean baino hobeto jokatu dugu”, adierazi du partiduaren ostean Josu Larreategi arrasatearren entrenatzaileak, eta gaineratu: “Barrutik jokalari indartsuak dituzte, eta kalte handia egin digute taularen azpian. Baina kanpotik jokatzen dutenak ere ondo ibili dira gaur. Guk, aldiz, kanpoko saskiratzeekin arazoak izan ditugu, eta defentsan beti ondo ibiltzea zaila da. Ezinezkoa izan da buelta ematea partiduari”. Mailari eusteko gaurko partidura begira MUko jokalariek zuten presioa ere nabarmendu du Larreategik, baina bere jokalariek egindako lanarekin pozik dagoela esan ere bai.

Etorkizunera begira, hausnartu beharra

EBA mailari eutsi ahal izateko garrantzia handiko partidua zen gaurkoa, eta porrotak asko zaildu du bidea. Sailkapenean Mondragon Unibertsitatearen aurkari zuzenek, Tolosak eta Zarautzek, gaur galdu egin dutenez, arrasatearrek atzetik hasita laugarren postuan jarraitzen dute. Sailkapeneko azken hirurak mailaz jaisten dira, baina  Josu Larreategiren mutilek datorren astean oraingo postuari eusten badiote, aurrerago jokatu diren play-offetan gertatzen denaren araberakoa izango da mailari eustea.

Josu Larreategik, baina, permanentziari baino hurrengo denboraldian egingo dutenari ematen dio garrantzia: “Guk begiratu behar dugu ea zer nahi dugun datorren urtera begira. Hausnarketa sakona egin behar dugu. Saskibaloia polita da, baina sufritu barik. Azken hiru urtetan EBAn izan dugun esperientzia oso polita izan da, baina beste taldeek errefuertzo handiak dituzte, eta guretako zaila lehiakorrak izatea”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak