Eguraldi ona lagun, motor buelta eman dute 180 motorzale inguruk, Red Dragons taldeak antolatutako egun berezian. Arrasaten hasi, Bergaratik pasa eta Zarautz, Orio eta Deba zeharkatu ostean, Arrasatera etorri dira berriro. Arrasateko bertako, Bergarako, Gasteizko edota Durangoko motorzaleak etorri dira, besteak beste.
Bitartean, Arrasateko Herriko plazan haurrendako jokoak egon dira bazkaltzeko ordua iritsi den arte. Eguerdian bazkaria egingo dute Herriko Plazan eta gero motor erakustaldi bat ere izango dute.
Ostean, motorrekin joko batzuk ere egingo dituzte eta omenaldia ere prestatu dute. Alde batetik, Juan Antonio Montero zendutako herriko laguna omenduko dute, eta bestetik, Musakolako moto kluba omenduko dute urte hauetan guztietan egindako lanagatik.
Giro ederrean jarraitzeko, Azkaiter Pelox-en emanaldia izango da gero eta zozketak ere egingo dituzte.
Janari bilketa
Bitartean, egun guztian zehar janari bilketa solidarioarekin jarraituko dute. Momentuz arroza, babak, garbantzuak edota pasta jaso dute eta antolatzaile taldeko Iban Markezek adierazi du "martxa onean" doala janari bilketa. Aterpetxeetara edo elikagaien bankutara banatuko dituzte elikagaiak.