Taldea sortu zenetik era honetako ekintzak antolatzeko gogoa izan dutela adierazi du taldeko kide Iban Marquezek. Apirilaren 22rako antolatutako ekintzak bi osagai nagusi izango ditu: "Bi atal dituela esan daiteke: motorra eta ekintza solidarioa. Lehenari dagokionez, kostaldera motor buelta bat egingo dugu. Arrasaten hasi, Bergaratik pasa, Gorla igo, Azpeiti aldea zeharkatu eta bertatik Zarautzera joango gara. Ondoren, Zarauztik Oriora mugituko gara pixkanaka kostaldetik bueltatzeko; Deba, Elgoibar eta berriz Arrasatera".
Elikagai bilketa
Ukitu solidarioa ere izango du: "Atal solidarioari dagokionez, bertan parte hartzen dutenei, eta Herriko Plazara gerturatzen den edonori, elikagai ez iragankorrak ekartzeko eskatuko diegu. Ikusi egin beharko da zenbat batzea lortzen dugun, baina, horren arabera, leku batera edo bitara eramango ditugu batutako jakiak; aterpetxeetara eta elikagai bankuetara".
Herriko Plazan erdigunea
Kostaldera bueltatxoa egin eta Zarautz eta Orio ikusi ostean, Arrasateko Herriko Plaza bilakatuko da festaren erdigune: "Luntxa egingo dugu, indarrak berreskuratzeko. Giro motorzalea egon dadin motor jolasak egingo ditugu eta egarria dutenentzat barratxo bat jarriko dugu edariekin eta pintxoekin. Era horretan, elkartea finantzatzeko dirua atera dezakegu, era honetako ekintza gehiago antolatzen jarraitzeko". Motor bazkari solidarioan parte hartzeko aurrez izena eman behar da 5 euroren truke.