Norabide bakarreko bideak
Garibai hiribidea noranzko bakarrekoa bihurtzea da aldaketa bat. Era horretan Kontzezino kaletik Garibairako noranzkoan joan lirateke ibilgailuak, eta biribilgune antzerako bat sortuko litzateke Garibai, Biteri eta Nafarroa etorbidea lotuz. Autobusek eta taxiek ere zentzu horretan mugitu beharko lukete, gaur egun euren erabilera mugatua dagoen Garibai Etorbideko zatia oinezkoentzat izatera pasatuko litzatekeelako.
Era berean Gipuzkoa Etorbideko zati bat noranzko bakarrekoa izatea ere planteatzen da. Konkretuki Gelmako biribilgunetik Maalakora doan zati horretan, Zigorrola aldetik datozen autoak soilik ibiltzea da txostenaren egileek gomendatzen dutena.
Muzibar-Arbolapeta
Arrasateko Udalak parte hartze prozesua antolatu zuen Arbola-San Frantzisko zatiari buruz herritarren gustuko proiektuak ikusteko. Zentzu honetan Intrako adituen proposamena garbia da; Otalora Lizentziaduna bi noranzko errepidea izatea eta Zarugalde, aldiz, oinezkoentzat eta bizikletentzat mugatzea.
TAO sistema hedatzen
Hiru TAO mota planteatzen dira, 0, 1 eta 2 guneak. Lehena Arrasateko alde zaharrean planteatzen dute, bigarrena, Zarugalde, Arimazubi, eta Uribe auzo guztian zehar eta hirugarrena, aldiz, San Andresen. O gunea litzateke aparkatzeko denbora tarte murritzena izango lukeena, eta luzeena, aldiz, 2 gunea. Gune bakoitzeko denbora tarteak eta tarifak ez dira zehazten.