"Agintaldi hasieratik jada 60.000 euro gastatu dira guztion dirutik pintadak garbitzen", jakinarazi dute Udal gobernuko kideek. Arrasatek "ondare eta balio historiko handia" izaki, herriko espazio publikoak errespetatzea eskatu du. "Gure herria txukun eta garbi mantentzeko eta gure ondarea behar bezala zaindu eta errespetatzeko. Izan ere, pintaden garbiketak, zailtasunak eragiteaz gain, eraikinen hormei izugarrizko kaltea eragiten diote, garbiketarako erabiltzen diren produktu kimikoak erasotzaileak direlako".
Era berean, gaineratu du gero eta arrasatear gehiago direla saltoki eta etxebizitzetako hormak garbitzeko eskaera egiten dutenak: "Herri txukun, garbi eta atsegin bat izate aldera. Udalak, BAZ bidez jasotako proposamen horiek guztiak eskertzen ditu, eta bide batez, herritarrak animatzen ditu kexa edota proposamenak aurkezten jarraitzera guztion artean Arrasate atseginago eta garbiago baten alde egin dezagun.
Eta "herria guztiena" dela gogorarazi du: "Eta beharrezkoa da gure ondarea zaintzea, herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko eta udalerriak pintaden ondorioz islatzen duen utzikeria eta zikintasun irudiari amaiera emateko".
Mozalik ez! pintada ugari
Mozalik ez! pintadak agertu ziren asteburuan, eta hori aldarrikatu dutenek zera adierazi dute Goienaren erredakziora bidalitako oharrean: "Azken bizpahiru hilabeteotan, udalaren aginduz, hamaika adierazpen politiko egun batetik bestera edo ordu gutxi batzuetan erauziak izan dira gure kaleetatik, garbitasunaren aitzakiarekin" eta gaineratu dute: "Horregatik, euskal langile herriak jarraituko du antolatzen, eraikitzen, protestatzen, desobeditzen, alternatibak eraikitzen, isunei eta errepresioari muzin egiten... borrokan, azken finean, Euskal Herri sozialista justua lortu arte".