Arrasate-Udalatx gogorra baina ikusgarria espero dute domekarako

Mondraitz klubak hirugarrenez antolatu du trail proba hau, eta geroz eta sona handia irabazten ari da mendi korrikalarien artean. Hala, bailarako zein kanpoko 350 lasterkarik hartuko dute parte. Euria dago iragarrita, eta, gainera, aurten desnibel positibo handiagoa izango du ibilbideak.

Iaz bezala, 21 kilometroko luzera izango du aurtengo Arrasate-Udalatx lasterketak; hala ere, oraingoan desnibela altuagoa izango da lehen zatian:  1200eko desnibel positiboa bazen, aurtengoan 1300ekoa. Desnibel metatua 2600ekoa izango da proba honetan.

Antolatzaileek nabarmendu dute, oraindik ere proba gazte samarra izan arren, mendi korrikalarien "agendan sartzea" lortu dutela, eta pozik daude horregatik. Bestalde, parte hartzen duten emakumeen kopurua ere handitzen doa, eta hori ere datu positibotzat jo dute. Gainera, azpimarratu dute parte hartzaileen erdia inguru bertakoak, Debagoienekoak izango direla.

Korrikalariek asteon jaso ditzakete dortsalak San Andres auzoko Intersport Loramendin.

Ibilbidea

Herriko plazatik aterako da lasterketa, 10:00etan. Hirigunean ibilbidetxo bat egin ostean, Monterronerantz abiatuko dira, bertatik San Kristobaleko kanposantura, handik Anporretarantz eta Meatzerrekara jaitsiko dira. Handik errepidea zeharkatu eta Udalarantz abiatuko dira, bertan Udalatxeko maldei heltzeko.

Beti bezala, antolakuntzak sari bezala garaikur berezi bat emango die Udala-Udalatx igoera azkarren egiten duten gizonari eta emakumezkoari.

Aldapa gogorretan gora egin eta tontorrera iritsi ostean, jaitsierari helduko diote korrikalariek, Udalatxeko ipar-mendebaldetik, antolakuntzak ondo markatuko duen bidezidorretik. -Aurten, gainera, kontu handiarekin ibili beharko dute, eguraldi txarra baitago iragarrita. Horregatik, antolatzaileek eskatu dute parte hartzaileek zorrotz bete ditzatela arauak eta jarrai dezatela ibilbidea markatzeko eurek jarriko duten seinalizazioa.- Handik, Besaidera, Besaidetik berriro ere Udalara, eta handik Herriko Plazara, bertan egongo baita zain helmuga.

Proba bukatzeko gehienezko denbora bi ordu eta laurdenekoa izango da. Sariei dagokionean, kategoria absolutuan lehen hiru gizonezkoek zein emakumezkoek jasoko dute garaikur bana eta dirua (lehenak txapela ere bai). Beteranorik azkarrenek ere saria jasoko dute (garaikurra), baita Arrasatear azkarrenek ere (otzara). Baita ere, esan bezala, Udala-Udalaitz igoera lehenengo egiten dutenek ere.

Denetara sei anoa postu jarriko dituzte antolatzaileek ibilbidean, batzuk likidoak bakarrik hartzeko, eta beste batzuk likidoekin zein jatekoekin. Ibilbidearen eta lasterketaren gainerako ezaugarriei buruzko xehetasunak Mondraitzen webgunean kontsulta daitezke.

Parte hartzaile nabarmenduak

Iaz Herriko Plazako helmuga gurutzatu zuen lehena, Aritz Egea, aurten ez da Arrasaten izango. Dena den, lasterkari handien izenik ez da falta izena eman dutenen zerrendan. Gizonezkoetan, esaterako hor daude: Iban Letamendi, Aitor Ajuria, Jokin Garai oñatiarra, Aritz Kortabarria arrasatearra edota Ekaitz Kortazar.

Emakumezkoetan, berriz, Oihana Azkorbebeitia etorriko da Arrasatera, eta bera izango da faborito handietako bat Udalatxeko maldetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.