Arrasateko euskaltzaleak batuta 'Herri euskalduna eraikitzera goaz!' ekimenean

Miren Arregi Amasorrain 2017ko mar. 25a, 17:38

Txatxilipurdi, Ekin Emakumeak eta AED elkarteek antolatuta ekintza berezia egin dute gaur goizean. Zurekin Arrasate Euskaldunago kanpainaren azken txanpan dira elkarteak eta gaurkoa, herriko eragile eta norbanakoekin elkarlana bultzatzeko helburuarekin egin da.

Herrigintzak sortu zuen AED elkartea 1983an eta ondoren sortu ziren Ekin Emakumeak eta Txatxilipurdi. 34 urte geroago ere, herrigintzan sinisten jarraitzen dute elkarteek eta gaurkoa, elkarlanerako abiapuntua izan da. Hala, herriko dantza talde, trikitixa eskola... Kultura eta hezkuntza alorreko eragileak batu dira, besteak beste, gaurko dinamikara. Kolektiboak bakarrik ez, norbanakoek ere bat egin baitute ekimenarekin. 

Bazkidetza kanpainaren baitan egin dute ekimena, eta bazkideak lortzea ez ezik, herriko eragileak saretzea eta etorkizunean elkarlanean egin daitezkeen proiektu eta proposamenak jasotzea ere izan da ekimenaren helburua.

Arrasateko maketa bat ipini dute San Frantzisko elizako arkupetan –asmoa zen Seberren egitea baina eguraldi txarra egin duenez elizako arkupetan egin da– eta elkarte eta norbanakoek, naturako elementuak erabilita euskararekin lotuta dituzten amets, egitasmo edo proiektuak irudikatu dituzte maketa horretan: "Herritik sortu zen AED eta gaur ere herrigintzan sinisten duelako eta herri euskalduna herritarren eta kolektiboen ekarpenetatik sortuko delako, bakoitzak bere ekintza, ametsa, egitasmoa irudikatu du mapan", adierazi du Txatxilipurdiko Iker Agirrek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak