Arrasateko Udalak, Ekin Emakumeak Elkarteak, Elkarhezitzenek eta IMME Emakume Musulmandarren elkarteak antolatuta, agerraldia egin dute Arrazakeriaren Aurkako Egunean.
Aniztasunaren aldeko mezua irakurri ostean, umeendako hiru ipuin kontatu dituzte udaletxe azpiko arkupean, Arrazakeriaren Aurkako Egunean. Ipuin horietako bi euskaraz kontatu dituzte; bata Dorleta Kortazarrek, eta bestea, Lander Juaristik, eta hirugarrena urduz irakurri du herriko emakume batek, eta ondoren, haren alabak euskarara itzuli du ipuina.
Horren ostean, Herriko Plazaren erdigunean kokatuta zegoen kubora gerturatu dira umeak eta bertaratutako herritarrak, eta umeek kuboaren kanpoko aldea apurtu eta barruan zegoen sekretua zein den ikusteko aukera izan dute. Bertan lehiaketa bidez aurtengo egunerako lelo irabazlea irakur zitekeen: Bost kontinente, milaka kultura, zero muga. Arizmendi ikastolako Jone Axpek idatzitakoa da lelo hori, eta kuboaren barrualdean zeuden karteletan hamabi hizkuntzatan idatzita zegoen.
Arrazakeriaren kontra daudela eta elkarbizitzaren aldekoak direla aldarrikatu nahi izan dute Herriko Plazako ekintzan, horixe esan du Arrasateko aniztasun teknikari Tamara Perezek.