Iazko azken probak zapore txara utzi bazion ere, horiek alde batera utzi, eta modu ezin hobean ekin dio RACE Turismoseko denboraldiari berriari Xabi Fernandezek.
Atzo jokatu zen urteko lehen proba; entrenamendu saioa, eta ondoren bi lasterketa. Entrenamenduetan denborarik azkarrena lortu zuen Puritok 1'46"8 markarekin (nahiz eta bere telemetriak 1'46"4 markatzen zion). "Iazko denbora segundo batean hobetzea lortu dugu, eta hori oso emaitza ona da".
Jarraian, lehen lasterketaren txanda heldu zen eta bertan garaile izan zen Purito, Alfonso Sangradorren aurretik. "Polean atera nintzen eta lehen postuan mantendu nintzen lasterketa osoan zehar. Erritmoa jartzen hasi nintzen, atzetik zetozen biak euren arteko borrokan aritu ziren, eta amaieran 20 segundotik gorako aldearekin helmugaratu nintzen".
Bigarren lasterketa zertxobait eroagoa izan zen. Aurreraketa askoko lehia izan zen, eta horrelakoetan gehiago arriskatu beharra izaten da emaitza on bat lortzeko. Bukaeran hirugarren postua lortu zuen, eta horri polea eta lehen postua gehituta, sailkapenean lider jartzea lortu du Fernandezek. "Bigarren lasterketa irteera kaxkarra egin nuen, eta hirugarren posturako borrokan aritu nintzen beste hiru piloturekin batera".
Balaztei dagokionez arazoak izan ditu asteburu osoan, baina arazoak arazo, itxaropentsu dago Purito denboraldiak eman dezakeenarekin.