Prentsaurrean azaldu moduan Arrasateko gaztetxea bizirik dago, "Egunero elkartzen direlako talde ezberdinetako lagunak batzarrak egiteko edota bestelako ekimenak prestatzeko". Hain zuzen, azaldu zuten aurtengo apirileko egitaraua, 26 urte ilunak argitzen! leloa duena, hainbat asanbladen elkarlanari esker antolatu dutela, alegia, Gazteen Asanbladaren, Emakumeen Asanbladaren eta Guraso eta Haurren Asanbladaren lana dago atzean. Eta horrekin batera, AGAKO Egunerako prestatu dituzten ekintzen berri ere eman zuten.
Apirileko egitaraua:
- Apirilak 1, AGAKO Eguna (Behean informazioa).
- Apirilak 6, Korrika Poteua, Korrika Debagoienetik pasatuko dela aprobetxatuta (18:30, Gaztetxien).
- Apirilak 7, Hitzaldia: Muntaia polizialik ez (19:00, Gaztetxien).
- Apirilak 21, Zine Foruma, Fake Orgams dokumentala (20:00).
- Apirilak 22, Pottogorrien eguna.
- Apirilak 26, Hitzaldia. Haurraren loa 0-6 urte bitartean. Nahia Alkortaren eskutik.
- Apirilak 29, Txikifesta. Erromerixie, haurendako jolasak eta merendola.
AGAKO Eguneko egitarua (Apirilak 1)
- 10:30, Artisauen azoka (Seberren).
- 11:30, Umeendako tailerrak (Seberren).
- 13:30, Bizipoz poteoa.
- 14:30, Bazkari musikatua (Erein eta Jusus Kraist taldeek girotuta).
- 18:30 Karro poteua! (DJ Martintxo Arakamak girotuta).
- 22:30 Kontzertuak: Ziribulio Sound, Bad Sound Sistem, DJ Miau (doan izango da).
Prentsaurrekoaren amaieran Kukutza edo Kortxoenea moduko gaztetxeei elkartasuna adierazi zieten, "Zapalduak izan diren beste zenbait gaztetxerekin batera, mundu gris eta ilun hau argitzen ari zirenean isilarazi egin zituztelako". Eta, euskal presoei ere elkartasuna adierazi zieten, batez ere Josu Arkauz arrasatearrari: "26 urte daramatzalako kartzelan, eta dagoeneko etxean egon beharko lukeelako".