Egubakoitz gauean lapurretan egin zuten egun Arrasate Musikal kokatzen den Monterron Jauregian. Monterron aldeko hesia pasatu eta bertako ateak indarrez irekita lortu zuten barru aldera sartzea.
Indarrez zabaltzerakoan utzitako aztarnak ikus daitezke atean
Arrasate Musikaleko zuzendari den Marta Izagirrek Goienari esandakoaren arabera musika instrumentuak eta ekipamendu informatikoa lapurtu dituzte. Eramandako material guztia zenbatzen ari dira, eta kopuru zehatza dutenean jarriko dute dagokion salaketa.
Musika Eskolako arduradunek gertatutakoaren abisua pasa zioten Ertzaintzari, eta atestatua zabaldu eta ikerketa abiarazi zuten.
Alarma jartzeko prozesuan
Arrasate Musikaleko ekintzen arduraduna den Edorta Aiastuik adierazitakoaren arabera, duela gutxi era bereko lapurreta bat jasan zuten. Baina ez zuten balio handiko ezer eraman, eta bihurrikeria baten tankera hartu zioten lapurretarena baino.
Hala ere, horren harira alarma sistema bat jartzea komenigarria zela erabaki zuten, eta abian zuten seguritate enpresa batekin alarma jartzeko prozesua. Sistema martxan izateko azken tramiteak egiten ari zirelarik heldu zen egubakoitzeko lapurreta. "Beharrezkoa da eraikin honetan alarma sistema bat jartzea. Gu laster lekuz aldatuko gara, baina gure ordez sartzen denarentzat ere komenigarria izango da" adierazi du Aiastuik.