Euskaltzaindiari kontsulta egin diola aitortu du Arrasateko alkate Maria Barretxenak: "Bere garaian, Euskaltzaindiak Arrasateko kaleen berrikustea egin zuenean, Aprendices kaleari Aprendiz kalea jartzea gomendatu zigun; erro hori mantentzea gomendatu zuen. Eta beraz, udaletxetik datozen bi proposamenak Aprendizola eta Aprendizbarri dira".
Bi izen horiek erabakitzeko sei irizpide izan ditu kontuan udalak: izenaren erroa mantentzea; euskal formatura edo ahoskerara ondo egokitutakoa izatea; erraz deklinatu daitekeen izena izatea; leku izenekin lotura edukitzea; hitz bakarrean esanahi handia edukitzea eta, azkenik, beste hitz batzuekin edo lekuekin lotzea erraztuko duen izena izatea.
Prozesu parte-hartzailea
Bi izen hauez gain, Udalak astebeteko epea utziko du herritarrek ere proposamenak egin ditzaten prozesu horretan parte hartuta. Hala ere, aipatutako sei irizpideak kontuan hartu beharko dituzte arrasatearrek. Prozesu horretan parte hartzeko epea martxoaren 18tik 25era bitartekoa izango da, larunbatak barne. Ondoren, jasotako proposamenekin eta Udalak eginikoekin zerrenda bat osatuko dute eta guztien arteko bozketa egin, apirilaren 1etik 8ra, hain zuzen ere. Horren guztiaren gaineko argibideak jaso nahi dituenak, BAZ bulegoan eta Udalaren atarian izango du informazioa eskuragarri.