Lokal bila, elikagai banaketarekin jarraitu ahal izateko

Miren Arregi Amasorrain 2017ko mar. 14a, 12:42

Sei urte daramatza Arrasateko Eliza Ebanjeliko Pentekostalak beharra duten familiei elikagaiak banatzen. Lan horri, baina, egubakoitzean emango diote bukaera, lokal barik geldituko baitira. Arrasateko 400 familiari banatzen dizkiete gaur egun elikagaiak.  

Arrasateko eliza ebanjelikoa elikagaiak banatu ahal izateko lokal barik geldituko da egubakoitz honetan eta honenbestez, euren gizarte ekintza garrantzitsuena dena, alegia, beharra duten familiei elikagaiak banatzea, eten egin beharko dute.

Orain gutxira arte, elizan bertan egiten zuten banaketa, baina horrenbeste tona elikagai gora eta behera, tokia hondatu egiten da eta ezin dute bertan egiten jarraitu, eliza behin eta berriz konpontzen ibiltzeko modurik eta dirurik ez baitute. Honenbestez, lokal bat lortu ezean, utzi egin beharko diote gizarte ekintzari. 

Herritarrei zerbitzua

Duela 13 urte sortu zen Arrasaten Eliza Ebanjeliko Pentekostala eta hasieratik garbi izan zuten herritarrei begira lan egin gura zutela. Hasieran etorkinekin lanetan hasi ziren; "paperak eskuratzen eta lana bilatzen" laguntzen zieten. Krisiaren etorrerarekin, elizaren lana aldatu egin zen eta beharra zuten familiei elikagaiak banatzen hasi ziren.

Hasieran bailara osoan banatzen zuten, baina zailtasunak ikusirik, Arrasaten egitea erabaki zuten.

15-20 langile ari dira une honetan boluntario lanetan eta elikagaiak Bergarako elikagai bankutik hartzen dituzte, gero eurek Arrasateko 400 familiaren artean banatzeko.

Azken bi aste hauetan San Andresko Tximeleta lokalean ari dira banaketa egiten. Esandako moduan, egubakoitz honetan egingo dute azkena. Hori dela eta, Elizako kideak kezkatuta azaldu dira eta adierazi dute, kezkatuta daudela elikagaiak jasotzen dituzten Arrasateko familiak ere.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak