Aste gutxi barru radar bidez kontrolatuko da Arrasate dabiltzan ibilgailuen abiadura. Helburua, garbia; 30 kilometro orduko abiadura errespetatzea, eta bide batez, auto harrapaketen eta istripuen kopurua gutxitzea. Isunak 100 eta 600 euro bitartekoak izango dira, eta azken kasu horretan sei puntu galtzeko arriskua ere izan daiteke.
Hiru radar
Horietako bat Garibai etorbidean kokatuko da, garraio publikoak igarotzen diren errepide zatian hain zuzen. Errepidetik oso gertu haurrek jolasteko parkea dago, eta hainbat herritarrek kexak eta salaketak jarri dituzte, autobusen abiadura gehiegizkoa dela ohartarazteko. Beste biak, Polmetasa zaharra zegoen tokian eta Polo Garaia inguruan jarriko dituzte, bertan izandako istripuek leku arriskutsuak direla frogatu dutelako.
Bakarra funtzionamenduan
Hiru radarrek ez dute aldi berean funtzionatuko. Udalak gailu bakarra alokatuko du, eta leku batean edo bestean kokatuko du txandaka. Ibilgailuetako gidariek ez dute martxan dagoen edo ez jakingo, baina ezjakintasun horren eraginez abiadura errespetatuko dutela espero da. Diru gutxiago erabiliz, efektu berdina lortzea izan da helburua.
Jasotako dirua giza eragileentzako
Gehiegizko abiaduragatik jasotako isunen dirua, auto istripuak saihesteko eta hauen biktimekin lanean diharduten erakundeetara bideratuko da bere osotasunean.
Herritarren iritziak
Neurriak eragina zuzena izango du gidariengan eta oinezkoengan. Aldeko eta aurkako iritziak sortu ditu herrian, hona hemen horietako bi:
Omar Fernandez
"Ongi iruditzen zait radarrak jartzea, herri honetan autoarekin zoroaren pare aritzen garelako askotan. Ezbeharrak ez gertatzeko neurriak hartzea hobeto da, istripu bat gertatu ondoren kezkatzea baino. Hala ere Udalak lan informatibo bat egin beharko lukeela uste dut, herritarrei neurri honen inguruko xehetasunak emateko. Sare sozialetan eta komunikabideetan bolo-bolo dabil, baina Udalaren partez abixatzea faltan bota dut"
Mertxe Hermosel
"San Andreseko zati horretan 30 kilometro orduko abiadura motelegia iruditzen zait. Beste leku batzuetan akaso aproposagoa da 30ekoa, baina tarte horretan gehiegizkoa iruditzen zait. Hala ere, abiadura kontrolatzeko neurriak begi onez ikusten ditut, segurtasuna bermatzea garrantzitsua delako".