Martxoan ere Kooltur Ostegunak musikaz beteak

Jokin Guridi 2017ko ots. 24a, 14:30

Martxorako egitarau zabala osatu dute indie, blues, pop eta punkaren inguruan. Iseo, Oskar Benas y Los Herejes, Izaro, Mierda eta Ekiza arituko dira taula gainean.

Musikazaleak ongi dakiten bezala, Kooltur Ostegunak ekimena ostegun gauak musikatzen dabil azken urteetan Arrasateko Gaztetxean. Martxorako ere egitarau zabala aurkeztu dute, era askotariko musikak bildu baitituzte. Iseo, Oskar Benas y Los Herejes, Izaro, Mierda eta Ekiza izango dira programatutako artistak.

Iseo: Madrilen bizi den iruindarra da Leire Villanueva. Berak sortutako proiektua da Iseo, 2016an Last Night izeneko diskoa plazaratu zuen eta berau aurkeztuko du martxoaren 2an. Pop, Soul eta Rythm & Blues doinuak nahasten ditu pertsonalitate handiz bustirik. 2016ko udan FIB, Mad Cool eta SOS 4.8 festibaletan jo ostean, indie-aren altxor berri bezala definitua izan da.

Oskar Benas y Los Herejes: Gipuzkoar hau artista grafiko bezala ezagunagoa den arren, ibilbide oparoko musikaria ere badugu. The Solanos taldearen sortzailetariko bat, Fermin Muguruza edo Maika Makovski-rekin lan egindakoa. Blues, folk eta psikodelia ukituak ditu bere musika bereziak. Bere proiektu berria aurkeztuko du martxoaren 9an.

Izaro: Mallabiatik dator Izaro Andres artista gaztea. Azken urtean Euskal Herriko pop-rock eszenan bere lekua egin du nahiz eta bere ibilbide musikala 2014an hasi zuen. Musika intimo eta sentsibilitate handikoa egiten du eta Om izeneko diskoan bildu dituen kantu sorta aurkezten dabil azkenaldian, Iker Lauroba, Ane Bastida eta Oriol Floresekin. Martxoaren 16an izango dugu gure artean.

Mierda: Habeas Corpus taldean ibilitako Nano-ren punk taldea da Mierda. Si eres un cabrón eres un cabrón lana aurkeztera etorriko dira martxoaren 23an.

Ekiza: Willis Drummond taldean ezagutzera eman zen Jurgi Ekiza eta ordutik hainbat proiektutan parte hartu du. Horietako bat da Ekiza, bere alderdi intimoena erakusten duena intentsitate handiz. 2016 hasieran plazaratu zuen bere lehen bakarkako lana eta gaur egun Willis Drummond-en diska berriaren aurkezpenean buru belarri dabilen arren, bakarkako proiektua aurkezten izango da martxoaren 30ean.

Kontzertu guztiak Arrasateko Gaztetxean izango dira, ostegunero, gaueko hamarretan, bost euroren truke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak