"Ez da gai horrekin bereziki arduratuta gaudelako, ez dugu gurasoen artean alarmarik sortu gura, baina bai uste dugu aditu baten eskutik gazteei drogen gainean berba egitea positiboa dela, drogak hor daudelako", adierazi du Ramon Azkaratek. "Mondra osatzen dugun jokalari eta familiei sustantzia toxikoen kontsumoari buruz informatzeko eta kontzientziatzea da helburu nagusia".
Hala, Eman ostikada bat drogei lelopean, eta Aita Menni ospitalearekin elkarlanean, berbaldia egingo dute martxoaren 8an, Kulturaten (17:30).
Vicente Hueso adituarekin
Hizlaria Vicente Hueso Corral Aita Menni Hospitaleko psikologo klinikoa izango da. Aita Mennik, Vicenteren eskutik, urteak daramatza horrelako bilguneak eskaintzen Gipuzkoako ikastetxeetan eta kirol zentroetan. Saioa hezitzaileei eta gazteei dago zuzenduta, batez ere 13 eta 18 urte arteko gazteei, eta drogekin eta beraien ondorioekin lotutako gaiak aztertuko dituzte.
Berbaldian droga ohikoenen gainean egingo dute berba, eta gazteek egiten duten erabilpenaren gainean. Besteak beste, alkohola, tabakoa eta haxixa izango dute berbagai.