Mondragon Unibertsitatea ligako zortzigarren garaipena eskuratzeko asmoz kantxaratuko da bihar Iturripera (18:30). Garaipen horrek lasaitasuna ekarriko luke taldera, ez bereziki larri daudelako, baina bai EBAri eusteko beste aurrerapauso garrantzitsu bat izango litzatekeelako: "Gure atzetik datoz, baina partidu zaila izango da. Azkenaldian etxean baino kanpoan gabiltza maila hobea erakusten, baina partidu oso garrantzitsua da, irabazi beharrekoa. Burgosko taldeak jokalari berri bat fitxatu du, EBAn hamabi urtetako esperientzia daukana, eta ikusteko dago ze maila emango duten", adierazi du Larreategik aste barruan.
Minutu madarikatua
Burgosen kontra ahaleginduko dira joan den asteko partiduko azken minutua ahazten (64-63): "Partidu amaieran kontrarioak aitortu zigun guk galdu genuela partidua. Minutu bat faltan 6 puntuko aldea geneukan, baina txarto kudeatu genuen azken minutu hori. Azken jokaldian ere gurea izan zen baloiaren jabetza, baina pare bat akats egin genituen. Gertatzen diren gauzak dira, eta ikastea baino ez zaigu geratzen, partidua orokorrean borobila izan zelako. Dena dela, taldearen dinamikarekin oso pozik nago, ondo gabiltza lanean".