Asier Hormaza, Josean Bengoetxea eta Dorleta Urretabizkaia aktore ezagunak dira protagonista, eta agertokian dagoen irrati-estudiotik zuzeneko irratsaioa egiten dute. "Magazin bat egiten saiatuko gara, baina traba asko ditugu; izan ere, irrati-katea italiar batzuek erosi dute eta ez digute jaramonik egiten. Hiruron artean sekulakoak egingo ditugu saioak aurrera egin dezan eta lanpostuan bizirik irauteko. Gai unibertsalak eta horiekin lotutako pertsonaiak ekarriko ditugu taularen gainera", kontatu du Asier Hormaza aktoreak.
Laugarren pareta bota eta irrati-estudio handi bilakatuko dute antzokia. "Lasai etorri dadila jendea, ez dugu-eta inor agertokira igoarazten. Saioko gonbidatuek, tertuliakideek eta entzuleek kale egiten digute; beraz, publikoari eskatuko diogu laguntza, eta, akaso, ikusleren bat urdaiazpikoarekin joango da etxera".