Udal Gobernuak eguazten arratsaldean egindako prentsaurrekoaren harira, Baleikek dio joan den asteko osoko bilkuran batzordeetako aktak publiko egitearen aldeko mozioa aurkeztu zutela eta gardentasun arloan Udala egiten ari den lanaren gainean galdetu zutela. "Mozioaren aurka bozkatu eta galderak erantzun gabe utzi zuten EAJk eta PSE-EEk; irainekin eta mesprezuz, gainera. Inongo koherentzia eta lotsarik gabe, gardentasuna ere etekin politikorako erabiltzen dute".
Jarrera hori "arduragabetasun larria" dela uste dute. "Hala ere pozgarria iruditzen zaigu gobernuak Baleikek markatzen dituen lerro politikoak jarraitu behar izatea, borondaterik ezean gutxienez duintasuna gordetzeko ahaleginean. Gauza bera gertatzen da kargu publikoen pribilegioekin. Lehen egunetik muzin egin genien pribilegio guztiei. Orain, bi urte beranduago, gobernuak doako sarrerekin bukatzea erabaki du. Pauso zuzena iruditzen zaigun arren, fede on horrekin jarraitzea eta pribilegio guztiekin bukatzera animatzen ditugu, doako mugikor, euskaltegi zerbitzuekin eta aparkalekuekin bukatuz, beste arrasatear guztien parean jarrita", gaineratu dute.