Kukai dantza taldeak eta Markos Morauk, La Veronal konpainiako zuzendariak, elkarrekin sortu dute. "Ezberdinen arteko elkarlanak sustatzea da gure lan moldeetako bat. Oraingoa Europako sortzaile garrantzitsuenekin egin dugu", dio Jon Mayak, Kukai taldeko zuzendariak.
Dantza eta musika zuzenean
Euskal Kulturaren hainbat pasarte islatzen ditu ikuskizunak, dantza tradizionalak dantza garaikidearekin ezkonduta. "Gure kulturari erreferentziak etengabekoak dira. Ikusten ditugu, esaterako, jantzietan, elementu tradizionalak, agerikoak dira; berdin gertatzen zaigu musikan, orokorrean, oso atmosferikoa da, baina tartean Mikel Laboa, Maddi Oihenart eta musika tresna tradizionalak ere agertuko dira. Oro har, ikuskizunak gizakiok dugun kulturaren beharraren gaineko gogoeta planteatzen du. Bost dantzari izango dira Amaia antzokiko agertokian, eta, horiekin batera, orain dela gutxi arte Kalakan taldeko kide izan den Thierry Biscary musikaria ere bai".