Alerta laranjak iraun duen bitartean egindako neurketetako emaitzak eman ditu Euskalmetek eta Arrasaten, haizegune izan barik, 122 km/h haize-boladak izan dira. Meteorologia agentziak haizegune ez diren lekuetan egindako neurketa guztietatik altuena izan da Arrasatekoa. Haren atzetik datoz, esaterako: Ilarduia, 117,8 km/h; Gasteiz, 110 km/h; eta Kanpezu, 109,76 km/h.
Are gehiago, haizegune diren zenbait lekutan baino bolada bortitzagoak neurtu dira Arrasaten. Oizen, esaterako, haizegune izanda, 125,9 km/h boladak neurtu dituzte; Beluntzan, 123, km/h; eta Miramonen, 95,3 km/h.
Abisu horia 12:00ak arte
Euskalmeten esanetan abisu horia 00:0etatik 12:00etara luzatuko da haizeagatik mendi inguruetako haizeguneetan. Goizean hego-ekialdeko haize-boladek 100-110 km/h-ko abiadura gaindi dezakete mendi inguruetan; kostaldean hego-ekialdeko haize-boladak 80 km/h ingurukoak izango dira. Arratsaldean, berriz, haizea ahuldu egingo da eta hego/hego-mendebaldera egingo du.
Haizeguneak ez diren tokietan, barnealdean, bestalde, 06:00etatik 12:00etara luzatuko da abisu horia. Hala, Gipuzkoa eta Bizkaia barnealdean eta Araba hego-ekialdeko haize-boladak 80-90 km/h ingurukoak izan daitezke, haizeguneak ez diren lekuetan. Euskalmetetik gehitu dutenez, arratsalderako ahuldu egingo da haizea eta hego/hego-mendebaldera egingo du.