"Herri osoan zehar daude kalteak, oraindik ezin izan ditugu guztiak zerrendatu. Eraikinetako estalkiak –teilak, uralita edota tela asfaltikoa–, zuhaixkak, edukiontziak, seinaleak... denetarik bota du haizeak. Patruila guztiak ditugu kalean lanean", adierazi du Arrasateko udaltzainburu Iñaki Arriagak.
Arriagak aditzera eman duenez, haizeak herri osoan zehar eragin ditu arazoak. Hori bai, kalte materialak izan dira, oraingoz ez dago zauriturik. Jose Luis Iñarra eta Obenerreka kaleetan, esaterako, argindar barik egon dira azken orduetan eta Udala auzorako errepidea zuhaitz batek itxita izan du ordu batzuez.
San Andresen, Biteri plazan, Garaia Berrikuntza gunean eta bereziki toki altuetan agerikoak dira haizetearen ondorioak. "Udal garabia kontutan hartuta, Udaltzaingoaren bost kotxeak kalean daude orain bertan", gaineratu du Arriagak.