Madrilgo Gallur kiroldegian jokatu dute aste bukaera honetan Espainiako Etorkizuneko Kirolarien Pista Estaliko Txapelketa. Bertan izan dira Malen Ruiz de Azua eta Istar Dapena pertika-jauzilariak. Txapelketan 1995ean, 1996an eta 1997an jaiotako atletak lehiatu dira.
Zapatu goizean jokatu zuen txapelketa pertika-jauzi modalitatean Istar Dapenak, eta 5’20 metroko jauzia egitera heldu zen. Bere kategoriako markarik onena egiteaz gain pista estaliko bere marka pertsonala ere hobetu du Arrasatekoak. Goizean bertan jaso zuen urrezko domina Dapenak. “Sekulakoa egin du. Egia esan arazo fisiko bat izan du hanketako muskulu bikietako batean eta ez dakit zelan heldu den marka hori egitera”, azaldu du Jonathan Perez entrenatzaileak. “Lehia oso estua izan du Aleix Pi atleta kataluniarrarekin”.
Malen Ruiz de Azua zapatu arratsaldean lehiatu zen. 4’05 metroko markarekin eskuratu du urrezko domina. “Nahiko erraz egin du jauzia eta erabaki dugu 4’25 metroko markarekin ere proba egitea. Espainiako errekorra da hori”, argitu du Madrildik Jonathan Perezek. “Ez du gainditu baina oso gutxigatik” azaldu du. Ruiz de Azua oso ondo dabilela adierazi du entrenatzaileak. “Txapelketa honetan lehiatu diren gainerako atletak baino maila hobea dauka eta jakinekoa zen hori, baina txapelketak beti dira txapelketak. Presioa hor dago beti”, esan du.
Salto hirukoitzeko modalitatean ere lehiatu da Ruiz de Azua. Laugarren egin du 11,98 metroko jauziarekin. Marka pertsonala hobetzea lortu du modalitate honetan.
Hurrengo astean Espainiako Txapelketa Absolutoa jokatuko dute Salamancan. Itxaropentsu daude Arrasateko pertika-jauzilariak.