Datorren astean hasiko dira Caritasen tailer okupazionalerako pabilioia prestatzen

20. pabilioia egokituko du Caritasek Kataide industrialdean.

Maiatzean obrak bukatu eta ekainean tailer okupazionala inauguratu. Asmo horrekin, datorren astean abiaraziko dituzte Caritasek Kataide industrialdean erosi duen 1.000 metro karratuko pabiloia egokitzeko prestatze lanak. 

"Aurten dira 50 urte Gipuzkoan Caritas sortu zela eta kanpainan ari dira, Kursaalen ere egon zen ekitaldi erraldoi bat. Baina kanpaina amaitu nahi dute tailerraren inaugurazioarekin. Eta hemen sortuko den ekintza sozialaren eredua beste bailaretan ere ezarri nahi dute", esplikatu du Horazio Argaratek, Arrasateko parrokoak.

600.000 euroko inbertsioa

Caritasen tailer okupazionala bi solairutan banatuko dute –bigarren solairua espazioaren erdira iristen da–. Goian laguntza sozialak egokituko dituzte: jangela, sukaldea… Sarrera ondoko bulegoetan, berriz, eskolak emateko tokiak; beheko solairuaren atzeko aldean komunak eta aldagelak, eta gainontzeko guztia tailerrerako esparrua izango da, panel mugikorrekin banatuta, esplikatu du Fernando Laspiurrek, proiektuan lanean diharduen boluntarioak. 80 bat lagun artatu gura dituzte Kataiden.
Egokitzapen obra Alaya Taldeak egingo du –Bergara-Arrasate–, 300.000 euro inguruko aurrekontuarekin. Pabiloia erosteko, berriz, beste horrenbesteko inbertsioa egin du Caritasek. Guztira bada, 600.000 euroko inbertsioa egin behar dute proiektua aurrera ateratzeko. Eta langile bat ere kontratatu dute, lanean badabilena: Agurne Juldain arrasatearra.

Elay, JMA eta Koopera

Izan ere, tailerrak martxan dituzte dagoeneko: "Bergaran –lehenagotik– eta Mesedeetako ikastetxean orain. Gertatu dena da obra atzeratzen doala, baina hemengo lantegiekin akordioak eginda daude eta lana ematen hasita daude, Antzuolako Elay, Arrasateko JMA eta Koopera", esan du Arrasateko parrokoak.
Lan industrialaz gainera, bigarren eskuko jostailuen tratamendua –Bizkaitik ekarritakoak– eta Arrasateko mojei edo Caritasi ematen dioten jantzien sailkapenaz ere arduratzen dira Caritasek artatzen dituen atzerritarrak.

"Entrenamendu" modura

Atzerritar gehienak modu behartsuan datoz. Egoera irregularrean egonda, horien arteko multzo handi batek ez du ez zereginik, ezta nondik ezer irabazi ere: ez dute lanerako baimenik, formaziorik… eta urteak ematen dituzte egoera horretan, Arrasateko parroko Horazio Argaratek azpimarratu duen moduan. Horri aurre egiteko sortu gura du Debagoieneko Caritasek tailer okupazionala.

Hala, tailerretako lana "entrenamendu" modura erabiliko dute: "Hemengo diziplinak, obligazioak… bereganatu egin behar dituzte. Eta horretarako irakatsi egin behar diegu. Zela lan egiten den hemen, ikus dezatela gai direla, baita ere, beste edozein langilek moduan lan egiteko (…) Nahi dugu egingo duten lana benetan industrial arloan egiten den mailakoa izatea: epeak bete, kalitatez lan egin… oso-oso entrenamendu ona da, gero benetako tailerretan aurkituko dutenarekin konparatzeko. Ordu batzuk beteko dituzte horretan, baina hori formazioarekin osatuko da", dio Argaratek. Azken arlo horretan, hizkuntzak, informatika, elektrizitatearen gutxieneko ezagutzak eta eguneroko bizimoduarekin lotutako zereginak erakutsiko dizkiete. "Eta gazte talde batekin gabiltza antolatu nahian aisialdiko ekintzak. Integrazioa lantzeko. Herrian dauden beste ekintzetan parte hartzen laguntzeko. Orain arte urtean birritan egin ditugu halakoak eta hilean behin, gutxienez, halako zerbait egin edo bultzatu nahiko genuke", gaineratu du Argaratek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.