Pista estaliko denboraldia aurrera doa, eta asteburuan hainbat atleta arrasatear Madrilen izan dira –Gallurreko kiroldegian– Taldekako Errege eta Erregina Kopan esku hartzen.
Hasteko, gizonezkoen kategorian, Iñigo Uribarrenek zilarrezko domina eskuratu zuen, salto hirukoitzean 15,86 metroko marka eginda –Pablo Torrijos izan zen onena, 16,17 metroko saltoarekin–. Eta txapelketa berean Istar Dapenak, pertika-saltoan, bost metroko saltoa egin eta hark ere bigarren postua lortu zuen –Didac Salas izan zen onena, 5,20 metroko saltoarekin–. Arrasateko bi atletek Realaren izenean hartu zuten esku, eta, besteak beste, eurek egindako lanari esker, talde txuri-urdina bosgarren izan zen taldekako sailkapenean –Bartzelona izan zen nagusi–.
Maialen Axpe hirugarren
Emakumezkoen kategorian, berriz, Maialen Axpe (Atletico San Sebastian) ere podiumera igo zen pertika-saltoan, 3,90 metroko saltoa eginda. Carla Franch (4,25) eta Andrea San Jose (3,90) sailkatu ziren Bedoñakoaren aurretik.
Gipuzkoako Txapelketan, txukun
Joan den asteburuan Gipuzkoako pista estaliko txapelketak jokatu zituzten Anoetan –kadete, gazte eta junior mailetan–, eta Arrasate Atletiko Taldea ondo ordezkatuta egon zen, emaitza txukunak lortu zituzten. Azpimarratzekoen artean, Iria Fernandezek, 60 metroko proban, hirugarren postua lortu zuen bere seriean, eta orokorrean 11.a izan zen. Mikel Arregik, berriz, 60 metroko lasterketan eta altuera-jauzian hartu zuen esku, kadete mailan, eta brontzezko bi domina irabazita itzuli zen Arrasatera. 60 metrokoan 7.55eko marka egin zuen eta altuera-jauzian 1,68 metrokoa. Eta 400 metroko lasterketan Dani Martinezek zilarra jantzi zuen (53.66).
Carrascalek eta Fernandezek ezin
Gipuzkoako txapelketan Eneko Carrascalek ezin izan zuen parte hartu, lesio batengatik, eta Ibai Fernandez gripeak jota zegoen.