Ipar Euskal Herriko herri txiki baten kokatutako istorioa jasotzen du El elixir de amor operak. Nemorino nekazari behartsua Adina burges aberatsarekin maiteminduta dago. Halako baten, Dulcamara saltzaile ibiltari berritsua agertuko da herrian, eta Adinaren maitasuna lortzeko edabe magikoa eskainiko dio. Nekazariak edabea erosiko dio; hortik abiatuta, askotariko istorioak agertuko dira.
"Gure faboritoen artean izan da beti. Aurrez eskaini genuen El borracho burlado-ren bidetik jarraitu gura izan dugu genero komikoaren aldeko hautua eginda. Donizettiren handienetakoa da, munduan gehien antzeztu izan dutena. Aria edo kantu oso ezagunak ditu, Una furtiva lágrima, horien artean", dio Ozenki elkarteko Manu Gallardok.
Gasteizko konpainia berria
Bogan dauden taldeak ekarri izan dituzte; hala ere, Ozenkiren helburuen artean dago konpainia berriei ere tokia egitea. "Traspasos Kultur antzerki taldetik sortutakoa da. Iaz La flauta mágica lana Principal antzokian eskaini zutenean ezagutu genituen. Donizettiren obra hori taularatzeko asmoa zutela jakin genuen gero; harrezkero, erraza izan da guztia lotzea. Obra estreinatu berri etorriko dira".
Punta-puntako protagonistak
Ozenkikoei asko gustatu zitzaien musikarien zerrenda. "Marc Sala tenore katalana (Nemorino) eta Miren Urbieta sopranoa (Andina) opera nazionaleko maila gorenean daude. Urbietarekin aurrez hainbat kolaborazio egin izan ditugu. Horiekin batera, Elias Benito (Belcore) baritonoa eta Mikel Zabala (Dulcamara) baxua daude; gaur egun Carlos Chausson handiaren ikaslea da Zabala. Protagonistez harago, Nurat eta Samaniego abesbatzak eta Iker Sanchezek zuzentzen duen Ganbara orkestra ere izango dira. Oso maila onekoak horiek guztiak ere".
Sarrerak, 30 eurotan salgai
Di-da baten saltzen ari direla dio Gallardok. "On line eskura daitezke Kutxabank.eus eta Arrasate.eus atarietan, baina Amaia antzokiko leihatilan eta ozenkielkartea@hotmail.es helbidera eskaria eginda ere bai".