Literatura Nobel saria jaso duen autorearen lana euskaratzea da AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak abiarazitako lehiaketaren helburua. Bob Dylan musikariaren kantuak itzultzeko proposamena egin zuten oraingoan eta hamalau lan jaso dituzte. Atzo, eguaztena, jakinarazi zioten Gartxot Unsain Letona donostiarrari harentzako dela aurtengo beka. Dylan moduan, musikaria da Unsain ere.
Kantuen esanahiari fidelagoa
Jon Basaguren, kazetari eta musikaria eta Maialen Berasategi eta Iñigo Roque itzultzaileak izan dira epai-mahaikideak; AED elkarteko Itxaro Artolaren esanetan, kostatu zitzaien erabakia hartzea. "Bi finalista nabarmendu zituzten, eta azkenean, Unsainek aurkeztutakoaren alde egin zuten, itzulpen libreagoa egin duen arren, kantuen mezua eta esanahia hobeto harrapatu duela eta lan honetan musikaltasuna ere oso zainduta dagoela argudiatuta. Urte amaierarako bukatu beharko du lana".