Oinarrian askotariko musika estiloen eskaintza zabala egitea badute helburu, noizean behin formatu txikiko antzezlanei eta taldeei ere lekua egin izan diete Kooltur Ostegunak zikloko antolatzaileek. Bide horretatik proposatzen dute, Beheko Larraine taldeak, otsailaren 16an, egingo duen Atte hil aurretik antzezlana.
Maika Etxekoparrek zuzenduta, komediak eta tragediak markatutako bideak jarraituz, Miren Tirapu aktoreak sekretuen munduan murgilduko du publikoa. Objektuen erabilpen eta argi jokoen bitartez, espazio eta garai ezberdinetan zehar bidaiatzera gonbidatuko ditu ikusleak. Agertokian, aktore bakarra dago, baina, hiru dira antzezten dituen pertsonaiak.
Hasteko, Athom Rumba
Urtebete inguru lozorroan egon ostean, agertokietara salto egin du, berriz, ere Bilboko Athom Rumba laukoteak. Aurrez egondakoak dira Arrasaten eta datorren eguenean igoko dira berriz ere gaztetxeko agertokira.
Garagea, rocka, funkya, musika beltza, horiek guztiak aurki daitezke Athom Rumbaren erraietan. "Entsalada rockero dantzagarria egiten dute. Sekulako musikariak dira kide bakoitza banan-banan aztertuta: Rober, abeslaria eta gitarra; Joseba Irazoki ere gitarrarekin; Iñigo Cabezafuego baxu-jolea, eta Felix Buff, Willis Drummond eta bestelako egitasmoetan ere bateria jotzen duena", azaldu du Iker Barandiaran antolatzaileak.
Bakarlaria eta bikotea ere bai
Arrasateko Udalak antolatzen duen Kulturate Akustikoak musika zikloan izan zen irailean, Iban Urizar Amorante, gonbidatu dute otsailaren bigarren eguenenerako. Hogei urteko ibilbidean musikari askoren bidelagun izan dena bakarrik dabil orain; bakarrik, bai, baina askotariko musika tresnak lagun dituela: gitarra, ukelelea, tronpeta, harmoniuma, zintzarria eta bestelako perkusio tramankuluak ere bai. Askotariko iturrietatik edaten du, horien artean, musika brasildarra eta flamenkoa ditu gustuko.
Otsaileko eskaintza borobiltzeko, Donostiako Luma bikotea izango da otsailaren 23an.