Lehenengo laurdenean abantailarekin hasi ziren kanpokoak, Arrasatekoak defentsan nahiko ahul ibili ziren eta defentsako errebotean arazo asko izan zituzten; Easokoen barruko jokoa etxekoena baino indartsuagoa zela erakutsi zuten; eta defentsa eta erasoaren arteko trantsizioak azkar egin zituzten kanpokoek lau puntuko abantaila lortuz lehenengo 10 minutuen amaieran (10-14). Bigarren laurdenean ostera indartsuago kantxaratu ziren etxekoak, zonakako defentsa erabiliz eta presioa handituz. Gauzak horrela, jokoa parekatu egin zen eta etxekoak aurretik jarri ziren markagailuan barruko jokoan zituzten galerak azkartasunarekin eta hirukoekin orekatuz. Hiruko marratik ia %50eko portzentaia izan zuten partidu amaieran, Gorka Arexolaleiba eta Andoni Aranzabalen arrean 10 hiruko saskiratu zituzten, 5 bakoitzak. Aldageletara 27-31ko markagailuarekin joan ziren.
Bigarren zatia ondo hasa zen Larreategiren mutilentzako, 32-31 aurretik jarri ziren markagailuan. Baina jarraian Easokoek 0-10eko partzialari esker markagailuan aldea jarri zuten. Hurrengo minutuak borrokatuak izan ziren, Easokoak markagailuan aurrera egiten zuten, baina etxekoek etsi ez eta aldea murrizten zuten esperantzari eutsiz. Azken minutuetarako Iturripeko zaleak bero-bero zeuden, eta etxekoek eskertu zuten harmailatik jasotako babesa. Nahiz eta azkenean, Del Valle joko-antolatzaile donostiarraren erabakiei esker garaipena Easorentzat izan zen.
Gustura egindakoaz
Garaipena ez lortu arren, Imanol Zeziaga pozik agertu zen egindako lanaz eta erakutsitako jarreraz; berriz ere sentsazio onak berreskuratu izatea azpimarratu zuen eta denboraldiaren bigarren zatiari gogoz ekiteko indarra emango die zuri-moreei.