Zelan diren kontuak, hilabeteak eman ditugu MUko saskibaloi taldean dituzten hutsuneak gogorarazten –Barberena, Barbero...– eta hala ere, lehenengo itzulia amaitu berritan taldearen zenbakiak iazkoak baino hobeak dira, Josu Larreategik Arrasate Irratian ondo gogoratu moduan. Hala, lehenengo itzulia amaitu duten honetan geldialdia egiteko unea da, eta egindakoa errepasatzeko momentua. Eta datuek diote arrasatearrek bost garaipen dituztela, Tolosaren (76-64), Venta de Bañosen (66-96), Valle de Eguesen (72-58), Ulacia Gruporen (57-64) eta Grupo de Santiago Automocionen kontra (70-75) lortutakoak.
Gazteek, pauso bat aurrera
Hala, gazteak izan arren taldean urteak daramatzaten jokalarien aurrerapausoa espero du entrenatzaile eskoriatzarrak: "Badirudi 30 urte dituzten jokalarien gainean gabiltzala berbetan, baina ez, 25 urte edo gutxiago dituzte. Gazteak dira, baina dagoeneko esperientzia pilatu dute EBAn, askorendako hirugarren urtea delako, eta horiek pauso bat eman behar dute aurrera".
Easoren bisita, zapatuan
Bigarren itzulia hasiko dute bihar MUkoek (18:30, Iturripe) eta laugarren dagoen Easo izango dute aurrean. Joanekoan donostiarrak gehiago izan ziren (81-66).