Arrasateko EH Bilduren oharra:
"Lapurretena, hiritar, eragile eta enpresentzat buruhauste asko eragiten dituen arazoa da. Era horretan, noski, Arrasateko EH Bilduk kritikatzen du herritar denonak diren ondasunak lapurtzea. Azken egunotan, udaletxeaz gain lapurra edo lapurrak ibili dira Azoka edota Etxaluze moduko eraikinetan. Bat egiten dugu neurriak hartzearekin lapurreten aurka, beti ere neurri hauek ez badira herritarren eta udal langileen askatasunen aurkakoak.
Dena den, udal gobernua ez da istorio osoa kontatzen ari. Udal langile batzuei duela ia 10 egun giltzak lapurtu zizkieten eta badirudi hor egon litekeela azken egunotako gertakarien azalpen bat. Ez duguna ulertzen da udal langileek giltzen falta salatu ostean zergatik ez dituen hartu gobernuak dagozkien neurriak. Hau da, zergatik ez diren aldatu beharreko sarraila denak aldatu. Negligentzia hitza datorkigu burura. Hori dela eta, alarmismoan erori gabe, uste dugu lapurreten aurkako borrokan lehen neurria norbere buruaren zaintza arduratsua dela. EH Bilduk zaintza arduratsu hori bera exijituko dio udal gobernuari".