Larreategiren esanetan, talde kantabriarra lehenengo bi postuetan egoteko hautagaia zen denboraldi hasieran. "Ez ziren oso ondo hasi, baina orain pixkanaka gora datorren taldea da eta oso zaila da talde honi irabaztea. Hiru jokalari on fitxatu dituzte orain eta oso talde lehiakorra dute. Goiko postuetara gerturatzen joango dira hemendik aurrera, zalantzarik gabe", nabarmendu du.
Errebotea eta jaurtiketa
Kantabriarrak errebotean "erabat nagusi" izan direla azpimarratu du Larreategik. "2,15 neurtzen duen errusiar bat daukate, "armairu" bat, eta gu talde txikia gara horrelako gizonei errebotea lehiatzeko. Gainera, jaurtiketen portzentaje altua eduki dute partidu guztian, bai biko jaurtiketetan, baita hirukoetan ere. Horrela oso zaila da irabaztea", onartu du.
Porrot honekin, sailkapenean atzera egin dezakete arrasatearrek, bost garaipen eta zortzi porrotekin geldituko dira eta.
Hurrengoa, Easo Loquillo
Datorren astean ere etxean jokatuko du MUk eta hau ere partidu zaila izango da. Izan ere, sailkapeneko bigarren postuan dagoen Easo Loquillo talde donostiarra etorriko da Iturripera.
Aloña Mendik, galdu
Sestaon jokatu zuten atzo oñatiarrek, sailkapenean justu aurretik zuten taldearen aurka. Hala ere, ezin izan zuten garaipena lortu. Hala, Salleko Renault Autonervion taldea nagusitu zen (68-58). Sailkapeneko azken postuetan jarraituko dute Aitor Ugarteren mutilek, hiru garaipen eta bederatzi porrotekin.