Urtarrileko baserritarren azokarekin batera egin da zuhaitz feria eta ingurukoen interesa piztea lortu du beste behin, jende mugimendua egon delako. Arrasateko herritarrak, Bergarakoak, Oñatikoak edota Soraluzetik etorritakoak izan dira, besteak beste, dituzten ortu txikietarako edo baratza handiagoetarako produktuak erosten.
Askotariko eskaintza
Aurtengo ferian, guztira, Euskal Herriko bost mintegi onenak izan dira, eta askotariko eskaintza izan dute. Arrasateko Udalatx mintegikoen postuan, esaterako, fruitu gorriek izan dute arrakasta handiena, horixe adierazi dute bertako kide Nerea Altunak eta Idurre Arangurenek. Eta hauxe gaineratu dute: "Jendeak fruitu gorriak begiratzen ditu orain gehien. Batez ere hau da fruitu gorrien garaia eta orain ortuko landareak nahiko geldi daudenez, fruitu gorriak eskatzen dituzte". Aukera zabala zeukaten: mugurdiak, ahabiak, andere mahatsak, goyi-ak... Euren ezaugarri nagusia gainera da, produktu ekologikoak dituztela. Orain arte Bergaran egon izan dira, baina aurrerantzean Arrasateko Gesalibar auzoan izango dira, eta horri buruz ere galdetu omen diete Udalatxekoei bertaratutakoek, informazioa jaso nahian.
Zaldibarko Areitio mintegiko Junkal Areitioaurtenak, berriz, azaldu du fruta landareen mugimendu handia izan duela gaurkoan. Gehienek sagarrak, madariak, gereziak edota intxaurrak erosten omen dituzte. Baina ba omen daude zitrikoak jartzera ere animatzen direnak; limoiak edo laranjak, kasu. Bestetik, basoko landareak eta apaingarriak ere erosi omen dituzte bertaratutakoek, eta pozik zegoen egindako salmentarekin: "Arrasaten salmenta polita egiten da", azaldu du.