Xabi Bastida (Su Ta Gar): "Bukaera hunkigarria izan zuen Andoaingoak"

Xabi Bastida, Su Ta Gar taldeko gitarra-jolea.

Urrian argitaratu zuten 'Maitasunari pasioa' diskoa aurkeztuko dute bihar, zapatua, Amaia antzokian, 20:00etan. Sarrerak 15 eurotan eskuragarri, 'Arrasate.eus' atarian. Andoainen abiatu zuen Eibarko taldeak Maitasunari pasioa bira, zapatuan. Lan berriaren ezaugarriek bultzatuta, aretoetan eskainiko dituzte kontzertu guztiak –maiatzera bitartean–.

Estreinaldiaren aurreko urduritasun eta beldurrak gaindituta?

Baietz esango nuke; hala ere, astean gogor egingo dugu lan detaile guztiak ondo josteko. Emanaldia ondo prestatuta eraman genuen arren, urduri hasi ginen, poliki-poliki joan ginen sartzen eta oso gustura jardun genuen. Bukaera oso hunkigarria izan zen; ikaragarria izan zen areto guztia zutik, txaloka eta txistuka ikustea. Aste honetan laino puntu baten gaude.

Kantu lasaiekin osatu duzue diskoa. Zerk bultzatuta?

Publikoaren eskaera izan da, alde batetik; jende askok esan izan digu gure kantu lasaiekin bildumak egin izan dituztela. Era berean, guk ere bagenuen era puntualean zerbait ezberdina egiteko gogoa. Laster 30 urte beteko ditugu, eta estudioko hamar lan baino gehiago kaleratu ditugu, eta horietan guztietan dago kantu lasairen bat. Lauzpabost kanturekin disko labur bat egiteko asmoarekin hasi ginen eta hamabost bat sortu genituen, azkenean; hortik aukeraketa eginda osatu genuen Maitasunari pasioa.

Disko ezberdina izanda, egiteko modua ere ezberdina izan da?

Aitor [Gorosabel] bere kabuz konposatzen joaten da eta lokalera ekartzen ditu nahiko ondo zehaztuta ideiak, eta guztion artean egiten dizkiegu moldaketak gero. Oraingoan ere nahiko antzerakoa izan da prozesua.

Bira honetan, publikoa eserita dago, eta, aulkitik beste modu batera entzuten direnez kantuak, hitzak bereziki landu dituzue?

Arreta berezia ipini diogu, duda barik, baina beti egiten dugun moduan. Abestiak lasaiagoak izanda, aldarrikapen gutxiago dituzten hitzak idaztera bultzatu gaituzte, akaso. Musika gogorrarekin hitzak ere gogorragoak izaten dira, normalean. Lan honetakoak intimoak dira oso, barrura begira egindakoak.

Diskoko hamaika kantuak ez dira errepertorioa betetzeko nahikoak.

Hogei bat kantu inguru joko ditugu, eta ez dira azkeneko diskoko guztiak izango. Presentzia majoa du azkeneko lanak, baina aurreko lanetako abesti asko joko ditugu. Errepertorioa osatzen hasi ginenean, aurreko diskoetako kantu lasaiekin zerrenda bat osatu genuen eta berrogei bat batu genituen; kantu lasaiak betidanik egin ditugun erakuslea da hori. Ordu eta berrogei minutu inguruko emanaldia izango da.

Andoaingo emanaldia gogoan, zuen publikoa aldatu egin dela esango zenuke?

Ez genuen aldaketa handirik sumatu; aurrekoetan izan denaren nahiko antzerakoa, esango nuke. Egia da kontzertua bukatutakoan hainbat haur etorri zitzaizkigula argazkiak ateratzeko eskatzen; orain arte jo izan dugun aretoetan ez dute adin txikikoek sartzeko aukerarik izaten. Bitxia izan zen, era berean, bukatutakoan 78 urteko gizonezko bat etorri zitzaidala kontzertua asko gustatu zitzaiola esatera; hura ere ez dut uste aretoetara joango zenik.

Taularen gainean zuen jarrera edo egoteko modua ezberdina da?

Une batzuetan jarrita gauden arren, orokorrean, ohiko itxura eta jarrera dugu; plazetan baino lasaiago, hori bai. Berritasunak  ere badaude, baina ez nuke larregi kontatu gura; une baten, adibidez, Aitorrek teklatua aterako du, argiekin muntaia polita egingo dute teknikariek....

Martxora bitartean astero kontzertu bat duzue lotuta.

Horrela da, bai; eta ari gara gehiago ere lotzen. Ermuan, Bilbon eta Iruñean izango gara, hurrenez hurren, eta gero etorriko dira Gasteiz, Eibar.... Pozik gaude orain arteko harrerarekin, aurre-salmentak oso ondo doaz. Maiatzean plazetara berriz!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.