Munar eta Zaldibar haur parkeen eraberritze proiektua esleitu du Udalak

Josu Bilbao Atxutegi 2017ko urt. 18a, 16:52

Sumalim enpresak irabazi du lehiaketa publikoa eta 61.038,45 euroko aurrekontua izango du bi haur parkeetako lanak burutzeko. Berrikuntza aipagarrienen artean, Zaldibar parkeak tirolina bat izango du.

"Haur parkeak eraberritu eta hauek umeen egungo behar eta eskaerei egokitzeko" asmoarekin, Arrasateko Udalak esleitu berri du Munar eta Zaldibar parkeen eraberritze proiektua.  

2016ko urrian lehiaketa publiko bitartez jarri zuen martxan Udalak aipatutako bi parkeak eraberritzeko lanen zerbitzua kontratatzeko prozesua eta guztira 10 proposamen ezberdin jaso zituen. Horrela, "proiektuaren egokitasuna baldintza pleguak jasotako hainbat irizpideetan oinarritu da, besteak beste, parkearen material, kolore, forma, berritasun, erabilgarritasun edo funtzionalitatean, jolas aukeretan eta bereziki egungo haurren behar eta eskaerei erantzuna emateko eta haien segurtasuna bermatzeko gaitasunean". Era berean, "proposamen egokiena aukeratzeko", Udalak "ezinbestekotzat" jo du parkeak "herri gunean modu egokian uztartzeko aukera eskaintzea".  

Sumalim enpresak irabazi du lehiaketa publikoa eta Udalak aipatutako bi jolas parkeak eraberritzeko lanak esleitu dizkio 61.038,45 euroko aurrekontuarekin. Lan horiek "uda baino lehen amaitzea" espero du Udalak.

Haur parke bizi eta dinamikoak

Sumalim enpresak egindako proposamenaren arabera, Munar parkearen egitura metalezkoa izango litzateke eta honek, "jolas aukera ugari eta mota askotarikoak eskainiko lituzke, besteak beste, txirristak, malgukiak, kulunkak, dorre handi bat edota lurreko jolasak".

Zaldibar parkeari dagokionez, Sumalimek egurrezkoa izatea proposatu du inguruarekin modu egokian uztartu dadin. Parke honek ere, Munarrekoak bezala, "jolas aukera ugari izango ditu, horien artean esanguratsuena bertan ezarriko den tirolina izanik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak