Jarraian, AGAKOren oharra osorik:
"Aurten Txikilandiak 26 urte bete ditu, baita AGAKOk (Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatua) ere. Esan beharra daukagu Gaztetxea beti aritu dela herriko eragile desberdinekin elkarlanean, tartean Txatxilipurdirekin, eta ekintza desberdinak antolatu ditugula batera. Horren adibide garbi bat Txikilandia da, izan ere egitasmo hau aurrera ateratzeko askotan elkarbanatu behar izan dugu espazioa, ehunka umeren ilusio aurpegiak tarteko. Tamalez, oraingoan ezin izan dugu batera ospatu, udaletxeak Txatxilipurdiri Gaztetxean ekintzak egiteko baimenik eman ez diolako. Erabaki honek harritu egin gaitu Gaztetxeko kideok, sekula ez delako inolako kexarik izan gai honen inguruan.
Argi dago honen atzean zer dagoen. Udaletxeak ez du Gaztetxearen eredua bultzatu nahi, nahiz eta gazteok autogestioz eta elkarlanez eraikitako gune hauek oso aberasgarriak izan diren herriko eragile desberdinen ekintzak aurrera ateratzeko. Gaztetxeak eta gune autogestionatuak ez dira PNVren gustuko (gogoratu Kukutza, Kortxoenea edo Tolosan gertatutakoa), beraien ereduarekin talka egiten duelako. Ez dute nahi Gaztetxea Arrasateko gazte eta haurren eredu izatea. Izan ere, Udaletxeak eta PNVk gazteei eskaintzen dien eredua bestelakoa da: lehiakortasuna, arrakasta pertsonala, itxurakeria, indibidualismoa, etab. Gogorarazi nahi dugu beraiek izan direla Euskal Herri osoan sistema kapitalista-heteropatriarkatu honen babesle leialenak, gazteoi bizitza duin bat ukatuz. Eta badirudi Arrasaten ere bide horretan jarraituko dutela, beraien burokrazia eta hierarkietatik at sortzen diren proiektu alternatiboak gogor kolpatuz.
Nahiz eta udaletxetik oztopoak jarri eta gure lana estaltzen ahalegindu, ez dugu etsiko! Guk lanean jarraituko dugu herriari gune alternatibo bat eskainiz. Egun nagusitzen ari den eredu gris horren gainetik, gure Arrasate koloretsu eta anitza sortzen jarraituk dugu. Beraien alienazioaren aurrean, guk herriko eragile eta norbanako ezberdinen arteko sareak sortzen jarraituko dugu , beste gizarte bat posible dela erakutsiz.
Autogestioa eta askatasuna".