Hainbat ertzain-etxek koordinaturik lan egin dute orain desegin den lapur taldearen jarraipena eta zaintza egiteko. Gabonetako kanpaina bete-betean, supermerkatu batean beste lapurreta bat prestatzen ari zirenean desegin dute taldea.
Azken lapurreta Oiartzungo supermerkatu batean egin zuten, abenduaren 11n. Teilatutik sartu ziren barrura, hainbat metalezko plaka askatu eta moztu ostean. Alarmak indargabetu eta kutxa erregistratzaileen konexio-sistema manipulatu ostean, dirua lapurtu zuten.
Horren ondoren jakin zuen poliziak huts egindako beste bi saiakera ere egin zituztela Gernikako eta Ordiziako establezimendu banatan. Horietan ere zuloak aurkitu zituzten teilatuan.
Etxeak miatu
Abenduaren 27ko atxiloketen ostean, horien etxebizitzak miatu, eta han lapurretak egiteko erreminta espezializatuak aurkitu zituzten: sarraila-zilindroak ateratzeko gailu bat, metalezko xaflak mozteko gailuak, zulagailuak... Eta, baita, zaintza-lanetarako goi-teknologiako tresnak topatu zituzten. Gailu horietako bat – 6.000 euro inguruko balioa duen– Lazkaoko enpresa batetik lapurtutakoa zen.
Ertzaintzaren ikerketek zabalik jarraitzen dute atxilotuek egin ahal izan dituzten beste lapurreta batzuk argitzeko eta taldeko balizko beste kideak identifikatzeko eta aurkitzeko.