goiena.eus

Jai Zale, euskararentzat arnasgune bizia bi urtez

 Arrasate

Arrasateko Euskal Herrian Euskaraz taldeak bi urte egin ditu Jai Zale taberna kudeatzen. "Herriko gazte talde ekintzaile baten oinarrituz abiatu genuen proiektua, euskarari diogun maitasuna erregai gisa hartuta", diote. Bigarren urteurrena behar den moduan ospatuko dute, hurrengo egubakoitzetik domekara arte egitarau interesgarri batekin.

Jai Zale, euskararentzat arnasgune bizia bi urtez
Euskal Herrian Euskaraz taldeko Iker Agirre, Aitor Juaristi, Mikel Makazaga, Jone Usatorre, Ainhoa Urzelai eta Josu Basterra.. | Ikusi handiago | Argazki originala

Itzalita zegoen gune bat argiztatu dute, euskaratik eta euskaraz: "Sekulako buelta eman diogu Jai Zaleri. Prozesua gorabeheratsua izan zen; gazteak ginen erronkari heldu genionean, esperientzia bakoak. Baina ilusioz gainezka geunden, oso gogotsu", gogoratzen du Arrasateko EHEko kide Iker Agirrek. Jai Zaleren ardura hartzea erabaki "ausarta" izan zela uste dute: "Herriko gazteez osatutako talde ekintzaile baten oinarrituz abiatu genuen proiektua, euskarari diogun maitasuna erregai gisa hartuta".

Hasiera baten kultura ekitaldiak antolatzeari ekin zioten, lehen hilabeteetan ia astebururo proposamen bat eskaintzeraino: "Hala ere, Udalaren partetik isunak jaso genituen, sonografoa jarri ziguten. Horregatik erabaki genuen kultura agenda etetea". Oztopoak oztopo, baina, Jai Zale Arrasateko euskalgintzaren erreferentziazko gune izatea lortu dute: "Hasieratik harrera beroa izan genuen adin tarte zein perfil ezberdineko herritarren partetik".

Edonori ateak zabalik

Jai Zaleko proiektua tabernan bertan lanean diharduten bost tabernariek eta EHEko beste hamar lagunek hezurmamitzen dute. Lantalde horrek ezaugarri batzuk ditu komunean: "Autoeratuak, ekintzaileak, euskaltzaleak eta ausartak. Hasi ginenean ostalaritzak ez zuen garai bateko errentagarritasunik eskaintzen eta horregatik etengabe asmatzen ibili beharra dago".  

Bi urte hauetan egindako lanarekin pozik daude, bereziki oztopoak gainditu eta aurreikusitako erronkak bete dituztelako. Izan ere, negozio ikuspegitik errentagarria da egun Jai Zale eta hori lortzeko "lan handia" egin behar izan dute. 2017ra begirako erronkei dagokienez, Jai Zale gunearen funtzionamenduan ez dute aldaketarik aurreikusten eta espero dute gaur egungo eskaintzarekin orain arte bezain  ondo funtzionatzea.    

Era berean, azpimarratu dute Euskal Herrian Euskaraz "talde irekia" dela eta edonori dituztela ateak zabalik.

Nazio batzar irekia Altsasun

Aurreko ikasturtean gogoeta fase baten murgildu zen Euskal Herrian Euskaraz. Jendartea aldatzen doan heinean euskararen bueltan lanean diharduten eragileak ere aldaketa horietara egokitzea "ezinbesteko" ikusten zutelako abiatu zuten hausnarketa. "Nazio mailako lanketa izan zen. Militante ohiak eta gaur egungo militanteak elkartu eta EHEren gaineko iritziak jaso genituen", dio Agirrek. Orduan behin behineko txostena onartu zuten, eta ordutik jasotako ekarpenak aintzat hartuz behin betiko dokumentua onartzeko hitzordua izango dute urtarrilaren 28an. Egun horretan nazio batzar irekia egingo dute-eta Altsasun.  

'Gaztiok euskaraz bizitzera goiaz'

Arrasatera etorrita, sanjuanetan abiatutako Arrasateko gaztiok euskeraz bizitzera goiaz kanpaina borobildu egingo dute bihar, bideoklip baten grabaketarekin. Kanpaina aurkeztu zutenean argi utzi zuten: "Aurreko belaunaldiek sortutako Arrasate euskaldunaren aldarria gure egin eta norbanakoen konpromisotik jauzi kolektibo bat egitera goaz herri euskaldun baten bizitzeko". Arrasateko euskararen ezagutza maila aintzat hartuta, EHEk uste du badaudela baldintzak Arrasate euskaldun baten bizi ahal izateko: "Ez gara gaur egungo egoeraz konformatzen. Gazte eleanitzak izan gaitezke Arrasate euskaldun baten".

Euskaraz Bizi Eguna martxoan

Euskal Herrian Euskaraz taldearen nazio mailako Euskaraz Bizi Eguna Arrasaten egingo da martxoaren 18an. Aurreko ikasturteko gogoeten osteko txostena aurkeztuko dute: "EHE berria eta gaurkotua aurkezteko eguna izango da, plazerra izango da aurten nazio mailako egun berezi hori Arrasaten egingo delako". Egitaraua ez dute oraindik zehaztu baina aurreratu dute "ekintza potoloak" antolatuko dituzte umeendako, gazteendako zein helduendako.

Urteurreneko ospakizunetako egitaraua:

Urtarrilak 20
• 22:30 Kontzertuak: Iker Lauroba eta Leire Leturia eta Kamareroiak (Jai Zaleko tabernariak).

Urtarrilak 21
• 12:00 Bertso saioa: Julio Soto eta Amets Arzallus. Gai jartzailea: Beñat Zamalloa.
• 13:00 Arrasateko gaztiok euskaraz bizitzera goiaz! kanpaina borobiltzeko bideokliparen grabaketa. Ondoren, lunch irekia.
• 18:30 Trikiti saioa: Leire Etxezarreta eta Eider Garro.

Urtarrilak 22
• Goizean Pintxo pote berezia.
• 18:30 Berri Txarrak taldearen bertsioak zuzenean.

2017/01/13 - 2017/01/15

Jai Zale tabernan. Arrasate

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa