Gozokiak, gainera, ez dira karroza gainean bakarrik egongo, Arrasateko desfilearen koordinatzaile Angel Mari Garciak azaltzen duenez, 140 kilo gozoki baino gehiago banatuko baitituzte eguenean, eta sorpresarik egongo dela ere iragarri du. Bestalde, banketxeei eta beste entitate batzuei eskerrak eman nahi izan dizkie emandako laguntzagatik.
140 lagunen parte-hartzea
Komisioko kideak irail-urri inguruan hasi ziren prestaketa lanekin, eta denera 140 pertsona inguruk hartuko dute parte, gaur, 19:00etan Zerkaosteta kaletik irtengo den desfilean. "Errege magoez eta beraien pajeez gain, erromatarrak ere egongo dira, baita farolak eroaten dituztenak, Arrasate Musikaleko tronpetak, Sambamañako danbor-jotzaileak, karrozaren arduradunak, suziri-eroaleak eta Arantza Uriartek zuzendutako abesbatza", dio Garciak.
Hala ere, Errege Kabalgatako Komisioko kideek adierazi dute beti dagoela boluntarioen beharra ekimen hau aurrera eramateko, eta dei egin nahi diete herritarrei gerturatzeko eta nahi duenak parte hartzeko.
Partaide gehiagoren beharra
Errege Kabalgatako Komisioko kideek adierazi dute Errege magoen desfileko antolaketa taldean, parte hartzean… hutsunea dagoela, jendea falta delako. "Boluntarioak beti izaten dira ongietorriak, eta, hala, desfilean lagundu gura dutenak 17:30etan agertu daitezke Iturriotz kalean dagoen abade-etxean".
Hori horrela, komisioko kideek parte hartzeko gonbita egin dute. Batez ere, artzainen beharra dagoela jakinarazita. "Nahi duten herritarrek aukera dute baserritar jantziarekin agertu, eta gabon kantak abesteko desfilean", adierazi du Garciak. Hala ere, "antortxeroak, farolak eroaten dituztenak… beti behar izaten dira". Beraz, nahi duenak, gaur, eguena, 17:30etatik aurrera kultura etxean egonda parte har dezake.
Desfilea herriko kaleetan izango den arren, Errege magoek aurretik eta ostean ere izango dute lana, Angel Mari Garciak azaldu duenez: "Desfilearen aurretik Iturbide egoitzan banatuko dituzte opariak eta ostean, Debagoieneko ospitalean, hala, kabalgatari amaiera emanez".