Izaro izan zen agertokira igotzen lehena. Hirukote formatuan etorri ziren: Izaro Andres Zelaieta, abeslari gisa eta gitarrarekin zein baxuaz; Iker Lauroba, baxuarekin, gitarrarekin eta teklatuekin; eta, hirukotea osatzen, Oriol Flores baterian. Emanaldi ederra izan zen, 40 bat minutukoa, eta Om diskoko abestiak oinarri izan zituena.
Ondoren, Micah P. Hinson Texasko (AEB) musikariaren bakarkako saioaren txanda heldu zen. Ordu eta erdi luzez jo zuen, gitarra eta haren ahots berezia lagun. Itxura xelebreaz igo zen, petoa jantzita eta gitarra ia lepoan zuela. Umore puntuaren ere busti zuen emanaldia, kantu batetik bestera AEBko ingeles itxian egiten zituen komentario xelebreekin. Proposamen interesgarria, ezbairik gabe.