Gazteendako gune berezia izango du aurten Txikilandiak

Amaia Txintxurreta Guridi 2016ko abe. 27a, 13:42

Urtarrilaren 2an, 3an eta 4an egingo da Txikilandia Uarkape pilotalekuan, eta nobedadeekin dator: zortzi urtetik gorakoendako Gazte gunea izeneko txoko bat egongo da eta esperimentazio gune bat ere jarriko dute, besteak beste.

Azken urteotan bezala, urtarrileko lehenengo egunetan egingo da Txikilandia Arrasaten. Urtero bezala Uarkape pilotalekuan izango da, eta aurten gainera, pilotaleku guztia erabiliko da, taberna ez dagoenez, gune hori ere erabilgarri egongo delako. Umeek eta gaztetxoek, beraz, Gabonetan izango dute zertaz gozatu Arrasaten, izotz pistarekin batera.

Urtarrilaren 2an zabalduko da Txikilandia, eta goizez Musakolako igerilekua haur eta gaztetxoen paradisu bihurtuko da puzgarriekin eta bestelako jokoekin.

Arratsaldean, berriz, eta baita urtarrilaren 3an eta 4an goiz eta arratsaldez, Uarkapen izango da Txikilandia. Bertan, puzgarriak, tailerrak, ludoteka, ipuin kontaketak eta halakoak izango dira.

Berrikuntzak

Berrikuntza moduan, Gazte gunea jarriko dute aurten 8 urtetik 12 urte bitartekoendako. Bertan tailer bereziak eta mahai-jolas aproposak egongo dira gaztetxoendako.

Horrez gain, esperimentazio gune bat ere jarriko dute aurten Txikilandian eta naturako materialak erabiliz, Txatxilipurdin aurrera eramaten ari diren filosofiarekin bat egiten duten ekintzak egongo dira. Espazio horretan egurrezko materialarekin sortutako jolasak eta material birziklatuarekin egindakoak egongo dira haur zein gazteen gozamenerako.

Ordutegia

10:30etatik 13:30etara bitartean eta 17:00etatik 20:00etara egingo da Txikilandia. Urtero moduan, ekintza guztiak euskaraz egingo dira bertan, euskaraz jolastu, dantzatu, eta barre egingo dutelako. Eta Gazteria zinegotzi Ander Garaik herritarrei bertara joateko gonbidapena egin die.

Sarrerak eta bonoak

Txikilandiarako sarreren prezioak hauek izango dira: 1 eta 3 urte arteko umeek 3 euro ordaindu beharko dituzte eta 4-12 urte artekoek 4 euro. Hala ere, hiru egunetarako bonoak erosteko aukera ere izango da: txikienendako prezioa 5,5 eurotakoa izango da eta 4-12 urte artekoek 9 euro ordaindu beharko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak