Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat udalekin elkarlanean -tartean Arrasateko Udala- sustatzen duen musika programa da Gaztemaniak. Helburua da eskaintza komertzialaren interesgunetik kanpo geratzen diren korronte artistikoetako taldeak zuzenean eta sarrera merke baten truke ikusteko aukera eskaintzea. Era berean, euskal musikariei kontzertu horietan telonero moduan parte hartzeko aukera ematea bultzatzen du ekimenak, bereziki, musikari hasiberriei lekua eginda.
Micah P. Hinson amerikarra
Indie estiloko Leonard Cohen dela diote adituek; guztiz ezezaguna izatetik, gaur egun, kultuzko ikono bihurtu dena. Folk-rock klasikotik dator, baina bere belaunaldikoek duten ezinegonari eta soseguari buruzko ikuspegia du. Era berean, bere bizitzako pasarte biografikoek eragin handia dute bere sorkuntzan: espetxetako egonaldiak eta drogekin arazoak, horien artean. Adituen esanetan, horiek ematen diote izaera katartikoa Hinsonen konposizioei, baina, oinazeak atzean utzi ondoren, izaera askatzailea dute haren zuzenekoek, orain.
Iazko maiatzean argitaratu zuen Broken Arrows, zortzigarren lana, psikodelia eta western estiloak batzen dituena; hala ere, bilduma berria ateratzeko moduan da laster.
Izaro, hirukote formatuan
Orain dela bi urte gitarra bere kabuz jotzen ikasi zuen Izaro Andres Zelaietak (Mallabia, 1993). Jolas moduan Youtubera igo zuen Paradise kantuaren bideoak ikaragarrizko harrera izan zuen, eta horrek eman zion musikan jarraitzeko indarra. Melodikoki gozoak dira Izaroren kantuak, baina, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez kantatutako hitz gaziekin osatutakoak.
Ane Bastida, Iker Lauroba eta Oriol Floresekin batera, OM diskoa kaleratu zuen irailean. "Hirukote formatuan joko ditugu diskoko kantuak. Pozik eta gogotsu gaude. Irrikan nago Micah P. Hinson ezagutzeko; kutsu berezia du. Pertsonalki oso aberasgarria iruditzen zait nazioarteko artistekin ere jotzea. Ea zer topatzen dugun!", dio Izaro musikariak.