Benito Lertxundi: "Hasiberriei, euren taupadei kasu egiteko aholkatuko nieke"

Benito Lertxundi, Oñatin egin zuen emanaldian.

Bederatzi musikari alboan dituela kontzertua egingo du Benito Lertxundik Amaia antzokian gaur, egubakoitza, 19:30ean. Sarrerarik ez dago; aspaldi agortu ziren.

Orokorrean, plaza guztiak gustuko dituela dio, eta gogotsu datorrela gaur Arrasatera. Aurreko emanaldietako oroitzapen onak dituen arren, kontzertu bakoitzaren aurretik saioak zelako zaporea utziko duen zalantza izaten duela aitortzen du.

Segituan agortu ziren sarrerak.   
Gure ibilbidea diseinatzen dugunean, gogoan izaten dugu bidean zehar zoazenean sumatzen dituzun gauzak, eta nik inguru horretan sumatzen nuen horrelako gogo edo irrika bat bazela. Geroago, publikoaren erantzuna ikusten duzunean, ikusten duzu sarritan aurrez dituzun pertzepzio horiek betetzen direla.

50 urte egin dituzu agertokian, baina, bogan zaude oraindik.
Zorionez, ez naiz sekula modaren atzetik ibili, eta konturatuta nago gauzen atzetik ibiltzen ez zarenean askotan gauza horiek zuregana etortzen direla geroago. Ez diot sekula kasurik egin modan dagoenari edo une horretan datozen zein uhin berriei; nire urratsei jarraitu izan diet beti. Era berean, esango nuke bila ez ibiltze horrek gero zure ekimenean nolabaiteko iraupena duen zerbait sortzen duela.

Belaunaldiak batzen dituzu; askotariko adinetako zaleak dituzu.  
50 urte egin ditut dagoeneko taularen gainean, eta ezinbestean aldatu da nire publikoa; hasierako publikotik jende asko falta da, eta, zorionez, belaunaldi gazteak gehitu dira.

Zein da gazteendako oraindik edangarria den produktua egiteko duzun sekretua?
Ez dut sekreturik; izan ere, kontrakoa adieraziz gero, praktikan jartzeko formula bat dudala aitortu beharko nuke; eta ez da horrela. Nolabait esateko, nire arnasa edo egiteko modua da. Norbaiti aholkua eman behar banio -eta oso ausarta izango litzateke norbaiti aholkua ematea, kontu honetan ez duelako inork errezeta jakinik-, esango nioke bere taupada propioari, bere senak dioena esan edo egiteko; gehiegi kalkulatu barik arrakasta izango duen edo ez. Egiten duzun horrek zu zeu konbentzitzen bazaitu, besteendako ere baliagarria izango da, seguru. Azken finean, erreferentzia norbera da.

Urteekin eskamak kendu dituzula diozu, eta gaur egun gusturago sentitzen zarela taularen gainean.
Hala da, bai. Nire izaeraren berezitasun bat da oso zorrotza naizela nire buruarekin, nahiko bihurria naiz nire burua asetzen. Horregatik, sarritan gertatu zait kontzertua bukatu eta haserre joan naizela etxera, ez zaizkidalako gauzak gura moduan atera. Sentimendu edo haserre hori, duda barik, gasolina izan da hurrengoan hobeto egiten saiatzeko. Gaur egun pasatzen zait, zerbait nire gustura irten ez bada, hurrengo kontzertua hasi aurretik nire buruari "gaur bai" esaten diot, eta  jaioberri bat banintz moduan ateratzen naiz taularen gainera. Horrek guztiak eraman nau, urteen poderioz... ez naiz sekula horren ondo sentitu. Nire egoitza naturala bilakatu da agertokia. Oso libre, aske sentitzen naiz egoera horretan, eta horrek baldintzatzen  du ziurragoa edo egiazkoa izatea. Gaur egun osatuago nago lanbide horretan.

Publikoak izan du eraginik segurtasun hori hartzeko orduan?
Publikoak segituan nabaritzen du zelan zauden; edozer gauza pasatzen dela ikaragarrizko pertzepzio zorrotza du publikoak hura igartzeko edo sumatzeko. Publikoak artistaren momentu psikologikoa nabaritzeko gaitasun oso fina du.

Publikoak, sarritan, emanaldian gustura dagoen edo ez, musikariak aukeratu duen errepertorioaren arabera adierazten du. Nola duzue markatuta gaurko kantu-zerrenda?  
Kontzertua non den -zein herri edo aretotan- ez dut nik, normalean, aintzat izaten. Amaia antzokian, kantu berriak eta zaharrak bateratuko ditugu bi ordu eta erdi inguruko iraupena izango duen emanaldian. Diskora eraman aurretik gustatzen zait lehenago publikoaren aurrean probatzea kantu berriak. Emanaldietan hazi egiten dira kantuak eta hartu behar duten espiritua hartzen dute. Kantuek euren bizitza propioa dute; eta hori ikaragarri gustatzen zait. Zazpi edo zortzi bat kantu berri eramango ditut. Era berean, badakit jende asko ezagutzen dituen kantuekin baldintzatuta joaten dela; eta esperientzia hori niretako oso garrantzitsua denez, kantu zahar edo ezagunendako ere tokia egin dugu zerrendan.

Hamazazpi disko dituzu; Oroimenaren Oraina (2012) azkena. kantuak badituzunez, disko berria laster?  
Grabatzeko moduan nago, bai, baina ez dut presa handirik. Mamitu, osatu, gura ditut oraindik; bazter askotako hautsa har dezatela gurako nuke, eta arnasa moduan ateratzen direnean izango dira kantuak, nire ustez, grabatzeko modukoak.

Data zehatz barik, orduan; hori da zure lan egiteko modua gaur egun?
Bai; gero eta gehiago, gainera.

2016. urtea amaitzen ari da. Nola joan zaizu?
Ongi, aspektu guztietan. Bizitza ahalik eta pausatuena izatea gustatzen zait, gauzei lasai begiratzeko astia izatea. Horrek ez du zerikusirik jendeak aipatzen dituen zorion eta zoritxarrekin. Zorionak su artifizialak direla iruditzen zait, oso erraz pasatzen direnak.

Eta zer eskatuko diozu berriari? Eskatu, ez dut ezer eskatzen; lehen esan bezala, gauzen bila joanez gero, urrundu egiten da. Garrantzitsua da, niretako, adimenak duen gauzak egiteko ahalmen horri bidea ematea; eta horretan saiatuko naiz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.