Dagoeneko sortu da Arrasateko Haurren Kontseilua. Udalak martxan jarritako ekimen horrek helburu du "haurrei hitza eta proposamenak egiteko ahalmena ematea, horiek kontuan hartuz, guztion hazkuntzarako aproposa izango den Arrasate eraikitzeko".
Guztira herriko ikastetxe desberdinetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 100 haur inguru aurkeztu dira kontseilu kide izateko eta parekidetasun eta aniztasun irizpideei erreparatuta 9 neska eta 9 mutilez osatutako Haur Kontseilua sortu da.
Kontseilua urtarrilean jarriko da martxan eta ume taldea hilean behin bilduko da Gaztegunean, goizez, eskola orduetan. Bertan, "guztien artean herriarentzako ideiak eta proposamenak garatu, Alkatetzaren kontsultak erantzun edota alkateari proposamenak aurkeztuko dizkiote", Udalak azaldu duenez. Kontseiluaren saioak bi dinamizatzaileek antolatu eta lagunduko dituzte eta Gaztegunerako joan-etorriak ere horiekin batera egingo dituzte haurrek.
Udalak atzo egindako bileran, "Kontseiluak datorren urtean zehar garatuko dituen ekintzen berri" eman zien taldeko haurrei zein gurasoei. Halaber, ikasturte amaieran ekitaldi ireki bat antolatuko da umeen parte-hartzea ospatu eta Kontseiluaren lana ezagutarazteko.
Ekimenak "herritarren eta bereziki haurren artean izandako arrakasta eta harrera ona" azpimarratu nahi izan du Udalak eta "eskerrak" eman dizkie haur guztiei haien partaidetzagatik.